Bonbardaketa

[BIDEOA]: Gaur 85 urte betetzen dira Durango eta Elorrio bonbardatu zituztenetik

Anboto 2022ko mar. 31a, 09:17

Elorrion lore eskaintza egingo dute 12:00etan eta Durangon oroimen ekitaldia 19:30ean. 

Gaur 85 urte bete dira italiar faxistek Mola jeneralaren aginduz Durango eta Elorrio bonbardatu zituztenetik. Bonbekin eta tiroekin 336 pertsona hil zituzten, eta herriko hainbat eraikin suntsitu ere bai. 

Durangoko bonbardaketa
Goizeko 7:15etan Soriako aerodromotik lau hegazkinek airea hartu zuten (Savoia 81 bonbaketariak). 50 kiloko 20 bonba eta 20 kiloko 4 bonba su-eragile zituen bakoitzak. Italiako Aviazione Legionariako Ferdinando Raffaelli komandantearen agindua betetzeko zeregina zuten: Durango bonbardeatu. 8:30ean,
Alarmak jo arren, gutxik joan ahal izan zuten babeslekuetara. Kurutziaga kaletik Alde Zaharrera gerturatu ziren hegazkinak Andra Mariko kanpandorrea erreferentziatzat hartuta, eguzkia atzean zutela. Lehenengo bonbak Vera Cruz ermita parean jaurti zituzten. 17:45ean, goizeko bonbardaketan suntsitu ez zituzten lekuak bonbardatu zituzten arratsaldean. Durangoko tren geltokia eta tailerrak eta kanposantutik ospitalera, gaur egun Zeharkalea den kalea. Jende asko zebilen bertan. Gehienak goizean hildakoen artean senitartekoen bila zebiltzan durangarrak.
 
Elorrioko bonbardaketa
Elorrion bonbardaketa bi izan ziren egun berean; bata goizean, 08:30ean, eta bestea arratsaldean, 17:00etan. Italiako abiazio legionariakoak izan ziren erasotzaileak, 24. bonbardaketa taldeko 213 eskuadrillakoak. Eraikin piloa kaltetu zituzten, eta bat guztiz bota behar izan zuten. Guztira, zazpi pertsona hil zituzten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!