Bonbardaketa zelakoa izan zen simulatzeko plataforma interaktiboa sortu dute

Anboto 2022ko mar. 29a, 10:47

Plataforma berriak Durangoko erdigunearen 360 graduko ikuspegia eskaintzen du eta zehatz-mehatz erakusten du bonbak non bota zituzten eta zein ordenatan. Horrez gainera, testuak, irudiak, ikus-entzunezkoak eta audioak jaso dituzte.

Durangoko bonbardaketaren 85. urteurrena ate-joka dagoen honetan, udalak Durango 360º. Bonbardaketa isildua plataforma interaktiboa aurkeztu du. Plataformak bonbardaketaren xehetasun guztiak jasotzen ditu ikus-entzunezkoen, audioen, testuen eta irudien bitartez. Besteak beste, bonbardaketa zelakoa izan zen jasotzen du simulazio-bideo baten bitartez, bonbak zein lekutan bota zituzten eta zein ordenatan bota zituzten jasota. 

Plataformak udaleko turismo sailaren bidez ikusi du argia, eta dagoeneko martxan dagoen Aztarnak ibilbidea osatuko du. Proiektuak hartzaile nagusi bi ditu: batetik, bonbadarketa zehatz-mehatz zelakoa izan zen ez dakiten durangarrak, eta, bestetik, herria bisitatzera datozenak.

Isildutako bonbardaketa

Gune digitalaren aurkezpena atzo egin zuten, Turismo Bulegoan, hezkuntza komunitateko, turismoaren sektoreko eta memoria elkarteetako kideekin. Ima Garrastatxu alkateak adierazi zuenez, "oso garrantzitsua da belaunaldi berriek Durangoko historia eta memoria historikoaren balioa zelan ezagutzen duten ikustea", horrekin, "memorian, justizian eta konponketan oinarritutako Durango eraikitzeko". Neskutz Rodriguez turismo arloko zinegotziak bestalde, Durangokoa "isildutako bonbardaketa" izan zela adierazi zuen: "Min horretatik eta hamarkadetan isildutako arrasto eta zauri sakonetatik sortu zitzaigun proiektu hau egiteko ideia. Espero dugu plataforma berri hau baliagarria izatea herritarrek gertatutakoaren berri izan dezaten". Udalak eta elkarteek justizia, egia eta erreparazioaren alde lan egingo dutela berretsi dute.

Atzo egin zuten aurkezpena Turismo Bulegoan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!