"Lurperatu eta hamar urtera aita lurreko hobitik atera zuten. Amak ezagutu egin zuen, gorbatagaitik eta zapatengaitik"

Jone Guenetxea 2022ko mar. 25a, 09:29

Edita Gómez Pereiraren (Durango, 1932) testigantza garrantzitsua izan da Durangoko hilerriko hobi komunen ikerketan. Bere aita, Arturo Gómez, ‘kinkilleroa’ zen eta bonbardaketan hil zuten, merkatuan saltzen zebilela. Concha Pereira emazteak jarraitu zuen haren lanagaz, saltzen eta erosten, herririk herri, baserri batetik bestera. Gerraosteko testuinguru zailean, alargun, bost seme-alaba atera zituen aurrera. Editak, Juan Carlos Uriarte Gómez semearen laguntzagaz, familiaren historiari buruzko galderei erantzun die.

Edita, nortzuk izan ziren zure gurasoak?
Edita Gómez: Arturo Gómez zen gure aita, eta Concha Pereira ama. Biak Ourensen jaio ziren. Sei neba-arreba ginen. Mari Carmen, Edita, Arturo, José, Angelines eta Antonio. Gurasoak bizimodua ateratzera etorri ziren Durangora. Gure aita saltzailea zen. Hariak, karterak... denerik saltzen zuen. Zilarra eta urrea ere bai. Galiziarrek 'kinkalla' esaten zioten horri. 
Juan Carlos Uriarte: Esaten dutenez, Galiziatik Durangora zaldian etorri ziren, apurka-apurka. Antza denez, gurdi moduko bat zuten eta hantxe saltzen zuten jeneroa. Herririk herri ibiltzen ziren. Kantabriara heldu ziren eta Arturo semea hantxe jaio zen. Gero, lehenengo semea jaiota Durangora etorri ziren, Artekalera. 
E.G.: Zaldia eta gurdia hartu, eta aita saltzera eta erostera joaten zen, egun batzuetarako. Etortzen zen bakoitzean amari umea egiten zion [barrez]. Oso negoziantea zen. Mancisidor erlojugilearen lagun handia zen.

Edita, aita bonbardaketan hil zuten. Zer kontatu dizute egun hartaz?
E.G.: Andra Marian hil zuten, bonbardaketan. Bihotzak eztanda egin zion. Antza denez, hildakoak ilaran ipini zituzten. Sirena entzun zuenean, amak arineketan irten zuen etxetik. Artekalean bizi ginen. Aita hantxe ikusi zuen eta besarkatzera joan zen, negar batean. Lagun batek kontatu zidan hori. "Ikusten zaitudan bakoitzean zuen amagaz gogoratzen naiz", esaten zidan lagunak. "Zuen aita besarkatzean zelan negar egiten zuen", esaten zidan. 

Amak ikusi egin zuen zuen aita bonbardaketaren ondoren, baina bazekien hilerriko hobi komunean lurperatu zutela?
E.G: Bai, amak bazekien aita hilerrian lurperatu zutela, errezatzera bertara joaten ginen eta. San Bizente ingurua esaten dioten lekura joaten ginen amagaz. 

Bonbardaketaren zein oroitzapen duzu zuk?
E.G: Lau edo bost urte nituen. Hegazkinen zarata dut gogoan. Auzokide batzuek hartzen gintuzten eta udaletxe ondoko babeslekura eramaten gintuzten. 

Zer gertatu zen bonbardaketaren ondoren?
E.G.: Artekaleko eraikinak eraitsita zeudenez, eta amak aitaren merkantzia zuenez, lan horretan jardutea erabaki zuen. Gure auzokideak ziren Antonio eta Antonia bikoteagaz Santaderrera joan ginen. Ama ere bai. Kontuan izan behar da ama haurdun zegoela. Umea, mutikoa, Cabezón de la Sal herrian jaio zen. Amak Antonio izena ipini zion, gure auzokide Antonio eta Antonia izan zirelako umetxoaren aitapuntako eta amapuntakoak. Baina umea hil egin zen. 

Conchak zer egin zuen orduan?
J.C.G: Concharen aita etorri zen, umeak eta Concha Galiziara eramateko. Baina Conchak ez zuen Galiziara joan gura eta ezezkoa eman zion. Laguntzea gura izanez gero, ahizpa gaztea Galiziatik ekartzeko esan zion aitari, bera saltzen zebilen bitartean ahizpak umeak zaindu zitzan. Horrela, denbora batera, ahizpa gazteagaz Durangora bueltatu ziren.
E.G.: Durangora bueltan, neba-arrebok Carmeliten eskolan ikasten hasi ginen, Kurutziagan. 16 urtera arte-edo ikasi nuen. 

Zelan atera zuten aita hobi komunetik?
E.G.: Guk ez dugu izan hobi komunen berririk. Hamar urtera, lurreko hobitik atera zuten. 1947an atera zutela esan zuen gure anaiak. Amak ezagutu egin zuen, gorbatagaitik eta zapatengaitik. Amak familiaren panteoia erosi zuen eta bertan sartu genuen. 

Hilerrira joaten zineten aitari loreak ipintzera.
E.G.: Loreak eramatera joaten ginen lurreko hobi batera, eta geroago panteoira.
J.C.G.: Osabak ere bazekien hobi komuna non zegoen, eta amaren leku bera aipatzen du. Esaten dute atera zuten lekuan bera bakarrik zegoela. Beraz, sentsazioa dut hobi komun bat barik enterramendu indibidualak izan zirela. Osabak dioenez, aititaren hobian zementuzko plaka bat zegoen eta katetxo beltz bategaz hesituta zegoen. 

Edita, ama adoretsua izan zenuen.
E.G: Adoretsua zen, bai. Bost seme-alaba izanda, gogor lan egin zuen bizitza osoan.
J.C.G.: Inguruko baserrietara joaten zen jeneroa saltzera. Mundu guztiak ezagutzen zuen eta oso maitatua zen.

Neba-arrebak Eibarren lanean hasi zineten eta ama ere bertara joan zen bizitzera.
J.C.G.: Bai, eta sasoi hartako anekdota berezi bat kontatzen zigun. Bidebarrietan, poliziak bizi ziren etxe batzuk zeuden. Pisu bat alokairuan hartu zion polizia bati. Handik denbora batera, bota egin gura zuten bertatik, eta Conchak pisua erosi egin gura zuen. Sasoi hartan, Galiziatik Benito Rodriguez izeneko gizon bat etorri zen, apopilo. Pisua erosteko zer egin pentsatzen hasi zen Concha. Benito ere saleroslea zenez, pisua elkarregaz erostea proposatu zion. Conchak Madrilera joatea erabaki zuen, familiakoa zen Cesareo González zine ekoizleari laguntza eskatzera. Audientzia eskatu zion Madrilen, eta pisua erosten laguntzeko esan zion. Cesareok lagundu egingo ziola esan zion. Gero, Concha Benitogaz ezkondu zen eta Benito izan zen nire amarentzat aita, eta guretzat aitita. Hala ere, amamak beti esaten zuen Arturo izan zela. bere bizitzako maitea. Hori Benitoren aurrean ere esaten zuen. Concha 2002an hil zen.

Martxoak 31 Egitaraua

Martxoaren 1etik aurrera
'85 urte, 85 jakingarri'. Gerediaga elkarteak bonbardaketari loturiko informazioa aletuko du egitasmo honegaz. Bihartik hasita, egun bakoitzean gertakari bat aletuko dute. Bonbardaketaren testuingururako bidaia bat proposatuko dute, argazkiekin eta testuekin orduko gai sozialak eta gai politikoak gogora ekartzeko. Jakingarriok ANBOTOren bitartez jarraitu ahalko dira egun bakoitzean. 

Martxoaren 30ean
19:00 'Durango, 1937ko Martxoaren 31, bonbardaketa' liburuaren aurkezpena. Jon Irazabalek bonbardaketari loturiko “liburuxka trinko bat” kaleratuko du laster. “Martxoaren 31ri buruzko informazio osatua eskainiko du liburuak, azken urteotan jakin direnekin eta ikertu direnekin”, aurreratu du Beñat Gaztelurrutia elkarteko presidenteak. Aurkezpena Kurutzesantun egingo dute.

Martxoaren 31n
8:30. Lehenengo aire erasoaren alarma-hotsa, Andra Mariko kanpandorrean. 'Bonbardaketaren aztarnak' bideoa, Andra Mariko kaperan.
9:30 - 12:30 Bonbardaketa oroitzeko tailer parte hartzailea herriko ikastetxeekin. 180 bat ikasle batzea aurreikusi dute. Andra Mariko elizpean egingo dute.
10:00 - 19:00 Biktimen omenezko sua piztuta egongo da Andra Mariko elizpean.
17:45 Bigarren aire erasoaren alarma-hotsa Andra Mariko kanpandorrean.
19:30 Bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia. Lore eskaintza. Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak egingo dute ekitaldia. Karolina Suarez kazetariak dinamizatuko du.

Apirilaren 2an
17:00 Berbaldia: Faxismoa 2022. urtean. Antolatzailea: Ernai. Lekua: Bartolome Ertzilla musika eskolako aretoa.

Apirilaren 7an
19:00 'Apaiz kartzela' filma proiektatuko dute Zugaza zineman. Dokumentalaren ostean mahai-ingurua egingo dute Xabier Amurizak, Jose Felix Azurmendik eta Juan Mari Arregik.

Apirilaren 28an
19:00 'Frankismoaren hasiera gogoratu' kultur ikuskizuna. Iurretako eta Durangoko gazteek musika, dantza eta antzerkia oinarri izango dituen errepresentazioa egingo dute udalerri bien arteko zubian, Montoian.

Maiatzaren 12an
19:00 ‘Durango, oroimenaren gogoan’ dokumentalaren proiekzioa Zugaza zineman. Juanjo López zuzendariak parte hartuko du bertan.

Irailaren 21ean
19:00 Berbaldia: ‘1936ko irailaren 25ean eta ondorengo egunetan gertatutakoak’. Gerediaga elkarteak eta Durango 1936 elkarteak eskainiko dute. San Agustin kulturgunean izango da. 

Irailaren 25ean
12:00 Oroimen ekitaldia. 1936ko irailaren 25eko gertakarien ondorioz hil ziren guztien aitortza.  Antolatzaileak: Gerediaga elkartea eta Durango 1936 elkartea. Lekua: Ezkurdi plaza. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!