[EGITARAUA] Martxoaren 31 anitz eta zabala, kendutako duintasuna memoriak bueltatu dezan

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 28a, 13:50

Durangoko eragileek aspaldiko egitaraurik oparoena prestatu dute Martxoaren 31ko bonbardaketak oroitzeko. Irailera arteko egitaraua izango da, omenaldiak, ikuskizunak eta kultur proiektuak batuko dituena. Aurten, gazteriak parte hartze berezia izango du.

Durangoko Udalak, alderdi politikoek eta herriko elkarteek Martxoaren 31ko egitaraua aurkeztu dute goiz honetan. Egitarau zabala da, azken urteotako zabalenetarikoa. Ekitaldiak bihar hasi eta irailera arte egingo dituzte. Aurtengo berrikuntzen artean, gazteriaren parte hartzea dago. 2022ko faxismoa aztertzeko berbaldia eta Durangoko eta Iurretako gazteek egitekoa duten kultur ekitaldia daude horien artean. Ima Garrastatxu alkateak adierazi duenez, "oso garrantzitsua da belaunaldi berriek gertaturikoa ezagutzea, berriro ere halakorik gerta ez dadin". Hilerrian egindako prospekzioetan bonbardaketako biktimarik topatu ez dela eta, udalak jakinarazi du lanean jarraituko duela "historiatik erauzitakoa" bueltatzeko.

EGITARAUA

Martxoaren 1etik hasita

  • "85 urte, 85 jakingarri". Gerediaga elkarteak bonbardaketari loturiko informazioa aletuko du egitasmo honekin. Bihartik hasita, egun bakoitzean gertakari bat aletuko dute. Bonbardaketaren testuingururako bidaia bat proposatuko dute, argazkiekin eta testuekin orduko gai sozialak eta gai politikoak gogora ekartzeko. Jakingarriok ANBOTOren bidez jarraitu ahalko dira egun bakoitzean. 

Martxoaren 4a, barikua

  • 18:00. Etxezarreta jauregia, ospitalea gerra garaian: gogoratu eta omendu. Egungo Arte eta Historia museoak ospitale funtzioak egin zituen gerra sasoian. 1936 elkarteak han lanean ibilitako medikuak eta erizainak omenduko ditu. Ekitaldia Arte eta Historia museoan egingo da.
  • "M31, 12 testigantza" erakusketa. Arte eta Historia museoan bonbardaketaren 12 testigantzekin osatutako erakusketa zabalduko dute. Martxoaren 4tik 24ra egongo da ikusgai.

Martxoaren 30a, eguaztena

  • 19:00 Durango, 1937ko Martxoaren 31, bonbardaketa liburuaren aurkezpena. Jon Irazabalek bonbardaketari loturiko "liburuxka trinko bat" kaleratuko du laster. "Martxoaren 31ri buruzko informazio osatua eskainiko du liburuak, azken urteotan jakin direnekin eta ikertu direnekin", aurreratu du Beñat Gaztelurrutia elkarteko presidenteak. Aurkezpena Kurutzesantun egingo da.

Martxoaren 31, eguena

  • 8:30. Lehenengo aire erasoaren alarma-hotsa, Andra Mariako kanpandorrean
  • "Bonbardaketaren aztarnak" bideoa, Andra Mariako kaperan.
  • 9:30 - 12:30 Bonbardaketa oroitzeko tailer parte hartzailea herriko ikastetxeekin. 180 bat ikasle batzea aurreikusi dute. Andra Mariako elizpean egingo da.
  • 10:00 - 19:00 Biktimen omenezko sua piztuta egongo da Andra Mariako elizpean.
  • 17:45 Bigarren aire erasoaren alarma-hotsa Andra Mariako kanpandorrean.
  • 19:30 Bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia. Lore eskaintza. Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak egingo dute ekitaldia. Karolina Suarez kazetariak dinamizatuko du.

Apirilak 2, zapatua

  • 17:00 Berbaldia: Faxismoa 2022. urtean. Antolatzailea: Ernai. Lekua: Bartolome Ertzilla musika eskolako aretoa.

Apirilak 7, eguena

  • 19:00 "Apaiz kartzela" filma proiektatuko dute Zugaza zineman. Dokumentalaren ostean mahaingurua egingo dute Xabier Amurizak, Jose Felix Azurmendik eta Juan Mari Arregik.

Apirilak 28, eguena

  • 19:00 Frankismoaren hasiera gogoratu kultur ikuskizuna. Iurretako eta Durangoko gazteek musika, dantza eta antzerkia oinarri izango dituen errepresentazioa egingo dute udalerri bien arteko zubian, Montoian.

Maiatzaren 12a, eguena

  • 19:00 "Durango, oroimenaren gogoan" dokumentalaren proiekzioa Zugaza zineman. Juanjo López zuzendariak bertan parte hartuko du.

Irailaren 21a, eguaztena

  • 19:00 Berbaldia: "1936ko irailaren 25ean eta ondorengo egunetan gertatutakoak". Gerediaga elkarteak eta Durango 1936 elkarteek eskainiko dute. San Agustin kulturgunean izango da. 

Irailaren 25a, domeka

  • 12:00 Oroimen ekitaldia. 1936ko irailaren 25eko gertakarien ondorioz hil ziren guztien aitortza.  Antolatzaileak: Gerediaga elkartea eta Durango 1936 elkartea. Lekua: Ezkurdi plazan. 

Horrez gainera, Toni Atutxa euskara teknikariak martxan dauden beste egitasmo biren berri eman du. Batetik, bonbardaketari loturiko unitate didaktikoa dago. Unitate berria izango da, Markel Onaindia kazetariak landurikoa. Udalaren web orrian ipiniko dute, gainerako unitate didaktikoekin batera. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleentzako unitateak izango dira. Bestetik, Udaberririk ankerrena komikiaren berrargitalpena dago. Komikia 2011n kaleratu zuten. Oraingo edizioa zuzenketa batzuk eginda kaleratuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!