Duela egun gutxi zabaldutako bilketa gunea behin-behinean zarratzea erabaki du komunitate ukrainarrak. "Egundokoa izan da jaso dugun erantzuna. Material izugarri pila jaso dugu. Gainezka gaude. Beraz, momentuz, behin-behinean, zarratu egingo dugu bilketa gunea", jakinarazi du Valentina Androshchuk durangarrak. Durangaldeko herritarrek ekarpen ugari egin dute egunotan, eta Abadiñon ere harrera polita izan zuen egitasmoak. Orain, baturikoa Ukrainara bidean ipiniko dute. Kamioi bat bete eta Gasteizera bidaliko dute, gero handik Ukrainara irisarazteko. Dena den, Androshchukek adierazi du bilketa guneek indarrean dirautela Bilbon eta Eibarren.
"Bakarrik ez gaudela sentitu dugu"
Ukrainarrek jasotako laguntza bakoitza eskertu dute: "Oso eskertuta gaude Durangaldeko herritarren erantzunagaz. Benetan pozik. Jendeak izugarri lagundu digu. Ez genuen horrelako erantzunik espero. Jendea etorri da, ekarri ditu produktuak, etorri da gugana, galdetu digute zelan gauden... azkenean, babesa sentitu dugu eta ez dago berbarik hori eskertzeko. Atzerritarrak garen arren, sentitu dugu ez gaudela bakarrik", adierazi du Androshchukek. Gerrari buruz ere, honakoa dio, argi: "Nik orain gura dudana da dena amaitzea. Ez dut gerrarik gura".