“Oso zintzoak izan gara; jendeak ez du onartzen aurreritziak dituela"

Aitziber Basauri 2022ko mar. 7a, 11:30

Janire Matilla Bilbon bizi da eta arropa denda bat du bertan. Maider Uribarri soziologia ikasketak amaitzen dabil eta nerabeekin hezkidetza saioak lantzen ditu. 'Abiapuntua' saioko sei protagonistetariko bi dira. Gizartea bere aurreiritzien aurrean jartzeko ispilu bihurtu dira seiak. ETB1eko saioak hainbat gai landu du: LGTBI kolektiboa, adineko pertsonak, aniztasun funtzionala, arrazakeria eta immigrazioa, adikzioekiko menpekotasuna eta kale bazterketa, besteak beste. Maiderrek gertukoak dituen zenbait gai hurbiletik ezagutzeko aukera izan zitekeelako onartu zuen erronka; Janirek esperientzia polita izan zitekeelako.

Gizartean jakin barik jarraitzen diren aurreritzien aurrean ipini zarete. Aldatu egin da zuen ikuspuntua?
Maider: Ez dut esango beste pertsona bat naizenik, ez da horrela. Baina Abiapuntua-k problematika errealez berba egiteko espazioak eman dizkit, eta gai desberdinekiko hurbiltasuna; beste modu batean ezagutuko ez nituzkeen egoerak bizitzeko aukera. Pertsona alkoholiko bategaz edo kartzelan egon den bategaz berba egin dugu, aurrez aurre, eurek izan dituzten bizipenez. Kameren aurrean zein atzean, hainbat galdera egiteko aukera izan dut.
Janire: Neu ere betikoa naiz, nahiko zoroa, oso happy flower. Baina orain arte oharkabean pasatu zaizkidan zenbait egoera oso hurbiletik ezagutu ditut (drogazaletasuna. alkoholismoa, kartzela, …). Daukadana gehiago baloratzen dut orain. Aurreritziak ezjakintasunetik datoz eta informazio gehiago dut orain. Kontzientzia gehiago dut.

Hartu duzue sorpresarik? Zelako esperientzia izan da?
Maider: Harritu baino gehiago, inpaktatu egin naute ezagutu ditudan bizipenek. Alkoholikoa zen amaren lekukotzak, lehenengo pertsonan, inpaktatu egin ninduen. Esperientzia berri bat izan da, jakintza berri bat, oso aberasgarria.
Janire: Aberasgarria izan da, bai. Baina egoera latza bizi duten pertsona horien errealitatea bizitzea oso gogorra izan da: asko eragin zidan bikote migratzaile gazte batek kontaturiko bizipenak, umetxo bategaz besoetan, beldurtuta.
Maider: Kalean bizi direnen errealitatea egin zait gogorrena niri. Konturatu naiz eurengan pentsatu dudala gutxien. Migratzaileen errealitatea ezagutzeak ere zer pentsatu eman dit. Inoiz bizitzea espero ez ditugun errealitateak dira. Ez dugu geure burua halako egoeretan ikusten.

Gizartean dauden aurreiritzien ispilu izan zarete. Onartu gura ditugunak baino aurreritzi gehiago ditugu?
Janire: Bai, jakina! Eta guk esan egin dugu. Oso zintzoak izan gara. Orokorrean, jendeak ez du onartzen.
Maider: Hala da! Lehenengo egunetan, kamerez jabetzen ginen, baina gero... Dena esan dugu, zintzoak izan gara. Horretara joan gara.

Bereziki gogoan duzuen momenturik?
Maider: Ekain, eraso homofoboa jasan zuen gazteagaz eta haren amagaz egon ginenekoa. Asko enpatizatu nuen, eta amorrua eta tristura handia sentitu nituen.
Janire: Lekeition ezaguturiko Doritak samurtasun handia sortu zidan, 93 urtegaz duen ilusioak, orrazteko eta makillatzeko duen gogoak. Senarragaz bizi da egoitzan, eta bien hartu-emana ikustea oso polita izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!