Rio de Oro elkarteak dena du prest Durangaldeko Karabana Solidarioa Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko. Trailer oso bat bete dute elikagaiekin eta osasun produktuekin. 25.600 kilo elkartasun, guztira. Arroza, pasta, lekaleak, atuna, azukrea, pixoihalak, konpresak, arropa eta eskola materiala batu dituzte bertan. Karabana Solidarioak martxoaren 5ean irtengo du Donostiatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hiru trailerrekin batera. Lau trailerrek 100 tona produktu garraiatuko dute eta laurdenek Durangaldeko jatorria izango dute.
Elkartea "oso pozik" dago herritarrek, instituzioek eta gainerako eragile pribatuek izandako erantzunagaz. "Aurreikusitako helburu guztiak gainditu ditugu, eta lorturiko emaitzek itxarondakoa bete dute". Duela aste batzuk martxan ipinitako diru bilketak trailerra betetzea ahalbidetu duela esan du elkarteak. Guztira, 35.391 euro batu zuten. Herritarren ekarpenak, instituzioenak eta dohaintza pribatuak jao dituzte. "Beste behin ere euskal herritarren inplikazioa eskertu beharrean gaude, herri sahararren alde agertutako elkartasun eta konpromisoagatik".