Rio de Orok otsailaren 1ean ekingo dio sahararren aldeko Karabana Solidarioari

Anboto 2022ko urt. 26a, 11:33

2020ko Karabana Solidarioa.

Elkarteak dirua batuko du, gero jakiak erosi eta produktuak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko. Kanpaina otsailaren 1etik 13ra egongo da indarrean.

Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak otsailaren 1ean hasiko du aurtengo Karabana Solidarioa. Osasun larrialdia dela eta, elkarteko kideak ez dira eskualdeko supermerkatuetara joango elikagai dohaintzak jasotzera. Horren truke herritarren diru-ekarpenak jasoko dituzte BIZUM zein banku-transferentzia bidez. Elkarteak azaldu du batutako diru guztiagaz elikagaiak erosiko dituztela, gero Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko.

Hiru ekarpen mota

Rio de Orok hiru dohaintza kopuru ezarri ditu:  4, 8 edo 12 eurokoak. Banku-transferentzia bat eginda parte hartu gura duenak Laboral Kutxako kontu korronte honetan sartu beharko du dirua: ES90-3035-0129-11-1290034483. Bestalde, Bizum sistemarekin laguntzea gura duenak, zabalik du horretarako aukera. Erabiltzaileak Bizum aplikazioan sartu beharko du, eta Rio de Oro Durangaldea kontua bilatu. Behin identifikatuta, 01955 kodea sartuta egin ahalko du diru ekarpena.

Elkartearen esanetan, aurtengoa "hil ala biziko kanpaina" izango da. Durangaldeko herritarrak deitu dituzte laguntza humanitarioa beharrizana duten horiei helaraztera. "Gure erakundetik herritarren ekarpen ororen balioa azpimarratu gurako genuke, kilo bat arroz edo lekalek duten balio itzela, alegia. Izan ere, dohaintzan emandako jaki kilo bat hori baino askoz gehiago da; esperantza kilo bat da, elkartasun, anaitasun eta kemen kilo bat, 45 urte errefuxiatuta daramatzan saharar herriarentzat", azaldu du elkarteak. Kanpaina otsailaren 1etik 13ra egongo da indarrean.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!