Pagonabarragak lehenengo finala du, 21 urte baino ez dituela. 2020ko irailean hasi zuen txapelketa, aurrekanporaketetan, eta saio hartatik urtebetera berrekin zion lanari. Kanporaketako eta finalerdiko saioak irabazita, Etxebarrian zuzenean finalean abesteko txartela eskuratu zuen. Bizkarraren kasuan, 25 urtegaz bigarrenez zapalduko du Bilbao Arenako oholtza. 2018ko finalera helduta eskuratu zuen txapelketa honetako finalaurrekoetan hasteko eskubidea. Bigarren geratu eta gero, azken saiora arte itxaron behar izan zuen puntuazio bidezko sailkapena ziurtatzeko. Kontuak kontu, hutsetik hasiko dira finalean. Bilbao Arenan egindako prentsaurrekoaren ondoren berba egin genuen biekin.
Kiroldegiko aulkietan jesarrita gaude. Oholtza ipini barik dago oraindino. Ederra da, gero.
Aitor Bizkarra: Esango nuke plaza ezin politagoa dela. 4.000 lagun bilduko dituen arren, plaza bera da bildua eta ez du hoztasunik transmititzen. Oso oroitzapen ona daukat aurreko finalekoa, eta gogoratzen dut zelan sumatzen nuen publikoa gure gainean zegoela. Aurten ere antzeratsu izango dela uste dut, maskarak maskara, baina plaza ederra izango da, seguru.
Gorka Pagonabarraga: Aurrekoetan publikoan egon izan naiz, eta publikotik igartzen da Aitorrek orain hiru urte oholtzatik sentitu zuen berotasun hori. Oso plaza batua da, leku txikian jende asko sartzen dena. Azken asteetan beldur apur bat eman dit Bilbao Arena honek, baina orain zapaldu eta ikusi dudala, sekulako gogoa sartu zait oholtza gainetik berotasun hori sentitzeko.
Zein gorputzaldigaz etorriko zarete?
G.P.: Ni azken aste bietan nahiko gorabeheratsu ibili naiz. Gainerako finalaurreko biak entzunda beldurra eta zalantza sartu zaizkit, baina orokorrean nagusitzen zaizkidan sentsazioak poza eta ilusioa dira. Gaur asko puztu zaizkit sentsazio horiek, Bilbao Arena ikusita. Zapatuko saiorako gogotsu eta topean helduko naiz.
A.B.: Niretzat ere gorabeheratsua izan da. Pentsa ezazu: finalerdirako data orain dela urte eta erdi neukan ipinita. Orduan, azaroaren 27ko asteburuan kantatu behar nuen, baina 2020an. Eta urtebete geroago kantatu dut. Bien bitarte hori guztia itxaronaldia izan da, eta ez da denbora guztian erraza izan. Baina, tira, eutsi diogu, eta pilaturiko tentsioak tentsio, aurre egin diogu finalaurrekoari eta hemen gaude.
Durangaldeko bertsolari batzuk finaletik kanpora geratu dira: Miren Amuriza, Txaber Altube, Eneko Abasolo ‘Abarkas’...
A.B.: Ez sailkatu izanaren pena dugu. Mirenegaz ez dugu entrenatu, baina berdin hartu dugu pena, urte askoan finalean egon delako eta bertsolari handia delako. Enekogaz eta Txaberregaz entrenatu dugu, eta badugu pena. Batez ere Txaberregaitik, Enekok badaki finala zer den eta oholtzetan ibilbide luzea egin du jadanik. Baina Txaber ere oso bertsolari handia da. Gorka lehenengo finalerdian garaile izanda eta nik bigarren saioan oso puntuazio altua lortuta, bagenekien biok egongo ginela finalean. Beraz, Larrabetzura ‘hat-trick’-a lortzeko esperantzagaz joan ginen eta gure ilusioa zen bera ere sailkatzea. Penatuta geratu ginen.
G.P.: Txapelketa horixe da, lehia bat da, eta badakigu zertara gatozen. Baina honen guztiaren garrantzia erlatibizatu beharra dagoela uste dut. Txapelketak ez du erabakitzen zein den bertsolaria eta zein ez. Bata finalera sailkatu izanak eta bestea ez, horrek ez du ezer esaten pasatu ez denagaitik. Kanpoan geratu dena sartu denaren besteko bertsolaria da.
Gorka, zuk 2020ko irailean ekin zenion txapelketari. Asko aldatu da ordutik Gorka pertsona eta Gorka bertsolaria?
G.P.: Gorka bera ez da askorik aldatu, pandemiak denoi utzi digu eraginen bat, bai, baina askorik ez. Bertsoari dagokionez, esango nuke ondo etorri zaidala lehia urtebete atzeratu izana, urtetik urtera hobetzen noan sasoian nagoelako. Txapelketa iaz izan balitz, seguruenik ez nuen emango aurten eman dudan maila.
Aitor, lehenengo finalagaz alderatuta zelan ekingo diozu bigarrenari?
A.B.: Aurrekoan ustekabean pasatu nintzen finalera, grina baneukan arren. Aurten, ostera, pasatzera etorri naiz. 2018an, finalerdian lasaiago nengoen eta finalak gehitxoago ikaratu ninduen, nahiz eta ez neukan ezer ere galtzekorik. Baina aurten ere ez dut ezer galtzeko, eta finalerdietara baino gorputzaldi hobeagaz joango naiz.
Ez duzue ezer galtzekorik, baina badakarzue helbururik?
G.P: Txapelketako solemnitate eta presioa ahaztuta abestu gura nuke. Etxebarriko finalerdian arantza hori geratu zitzaidan, ez nintzen eroso sentitu ofizioetan, ezin izan nuen gozatu. Finalean sekulako aukera dut, kide onak izango ditut eta hori aprobetxatu gura nuke. Eta hortik, ahalik eta saiorik borobilena osatzera.
A.B.: Ni ere nahiko lotuta ibili nintzen Galdakaon, nahiz eta ondo joan zen. Aurreko finalean zutik eutsi gura nion saioari; aurten goiari eutsi gura diot.
Txapelketako maila asko igo da. Zelan ikusi duzue zuek?
G.P.: Orain arteko txapelketak oholtzatik behera bizi izan ditut, eta, beraz, ezin dut iritzi “objektiborik” eman.
A.B.: Mailari begiratuta, lurralde guztietako txapelketetan (Nafarroan, Xilaban, Gipuzkoan eta Araban) gora egin duela ikusi da. Batez besteko maila gora badoa, goi mailak erreleboa izango duela esan gura du.
Honaino heltzeko, zein puntutaraino izan da bertso eskola garrantzitsua?
G.P.: Bertso eskolaren garrantzia ezinbestekoa izan da, gure ibilbidearen zentroa. Metodo aldetik ez dugu ezer arrarorik egin, baina intentsitatea handia izan da. Udazkena buru-belarri igaro dugu, eta bere fruituak eman ditu. Beharbada gehiago emango ditu oraindino.
A.B.: Bai, esango nuke orain dabilela fruituak ematen. Nire kasuan, 2018tik gaur arteko ibilbiderik zentzuzkoena plazarik plazakoa zen, plaza ibilbide intentsoagoa izatea. Baina ez da horrela izan, pandemia bat dugula medio. Hortaz, bertso eskolak zentraltasuna irabazi du. Lehenago ere bazuen pisu espezifiko handia, baina handiagotu egin da egoera dela eta. Asko elkartu gaitu. “Aizu, bertsotan nonbait egin behar badugu, hementxe egin behar dugu”, esan dugu. Oso garrantzitsua izan da.
Finalerdietan beste sari bat eskuratu zenuten: Datorren urteko Euskal Herriko Txapelketan abestuko duzue [irri egin dute biek].
G.P.: Beharbada ez da saririk handiena, Bilbao Arenan abestea gauza handia delako. Baina garrantziaren aldetik, saririk potoloena da, Euskal Herrikoan kantatzeak motibazioa emango digulako hemendik eta hurrengo udazkenera arte. Nik badakit datorren urtea bertsorako gogoz igaroko dudala Euskal Herriko Txapelketaren aitzakian. 21 urtegaz aukera hori edukitzea eta motibatuen nagoen sasoian izatea sekulako oparia da.
A.B.: Bai, kasualitatez lehenengoz finalera sartu nintzen txapelketak ez zuen balio Euskal Herriko Txapelketara sailkatzeko. Polita da, Gorkak esan duen haritik, gauden adin gaztean oso ziklo polita izango delako, azken lau urteetatik hirutan txapelketetan kantuan arituko garelako. Aukera polita dugu bertsotan hobetzeko, plazan errotzeko eta eskaparate modura baliatzeko.
Egin gura duzue aurreikuspenik?
A.B: Kontuz ibiltzeko Gorkagaz [Pagonabarragak barre egin du]. Hau ANBOTOren ale honetan geratuko da eta urte batzuk barru jendeak esango du: “Hara, Bizkarrak asmatu zuen”.