Bizikleta elektriko bat zozkatuko dute Elikatu Durangaldea sareko dendetan bertoko produktuak erosten dituztenen artean

Joseba Derteano 2021ko abe. 9a, 13:40

Orland Isoird Urkiola Landa Garapeneko presidentea, Urikoa eztiak dendako Anttoni Etxeberria, Zukaldatu dendako Paul Yarza eta Ibon Goitia Urkiola Landa Garapeneko teknikaria gaurko prentsaurrekoan, Zornotzan.

Abenduaren 13tik 23ra bitartean egindako erosketak sartuko dira zozketan.

Durangaldean ekoiztutako produktuen kontsumoa sustatzea eta ezagutara ematea helburu duen Elikatu Durangaldea egitasmoaren barruan, Jatorrian dago helmuga kanpaina berria aurkeztu dute gaur. Kanpaina honen barruan, erosketak egitera irteteko bizikleta elektrikoa zozkatuko dute. Elikatu Durangaldea sareko dendetan bertako produktuak erosten dituzten bezeroek bizikleta elektriko baten zozketan parte ahal izango dute, abenduaren 13tik 23ra.

Baina kanpaina ez da zozketara bakarrik mugatuko. "Jatorrian dago helmuga kanpaina bat izateko baino gehiagorako jaio da. Herritarren, ekoizleen, baserritarren… artean informazioa zabaltzeko bide bat izango da", aurreratu du Urkiola Landa Garapeneko teknikaria den Ibon Goitiak. Ildo horretatik, askotariko informazioa partekatuko dute Elikatu Durangaldea proiektuko sare sozialetan (Twitter: @DElikadura; Instagram eta Facebook: 'Durangaldea Elikadura') eta newsletter bat ere helaraziko diete herritarrei. "Lortu nahi duguna da Durangaldean elikaduraren inguruan komunitate bat sortzea eta komunitate horretan kalitatezko informazioa zabaltzea denon artean, jakin-mina dutenak asetzeko eta orain  arte jakin-minik izan ez dutenak komunitatera erakartzeko ", azaldu du Goitiak.

Proiektuaren helburua sustatzeko bestelako ekimenak ere egingo dituzte; esaterako, bizikleta elektriko batekin eskualdeko herrietan ibiliko dira mezua lau haizetara zabaltzen. Spot bat ere grabatu dute kanpainaren harira, ekimenari babesa erakutsi dion Bizkaia-Durangoko txirrindularitza taldeko zuzendaria den Agurtzane Elorriagarekin.

Proiektuaren helburuak

Urkiola Landa Garapeneko presidentea den Orland Isoird-ek proiektuaren helburuak gogoratu ditu. "Eskualdean lan egiten duten ekoizleen eta dendarien ekonomia suspertzen lagundu nahi dugu. Bertako ekonomian zuzenean eragiten duen proiektua izatea da gure nahia". Hain zuzen, helburu horiekin jaio zen Elikatu Durangaldea egitasmoa maiatzean: Durangaldeko ekoizleen sasoiko elikagaiak eskualdeko herriguneetako dendetan bidezko prezioetan salgai jartzeko eta kontsumo ohitura hori sustatzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!