Helburu hori lortzeko bat egin dute eskualdeko 45 baserritar ekoizlek, 22 dendarik eta Urkiola Landa Garapenak. Gure produktuei merezi duten lekua emateko. Eta zergatik sortu den proiektu hau? Bada, Urkiola Landa Garapeneko teknikari Ibon Goitiaren berbetan, gure eskualdeko produktuek "orain arte ez dutelako behar besteko ikusgaitasunik izan". Eta nola emango zaien ikusgaitasun handiagoa? Bada, ekoizleen eta dendarien arteko aliantza sustatuta. Proiektura batutako baserritar ekoizleek eskualdeko dendarien eskuetan ipiniko dituzte euren produktuak. Eta dendariek arreta berezia eskainiko diete horiei, komertzioetan. Horretarako tresna identifikatibo berriak ipiniko dituzte dendetan. Honako bi hauek:
Proiektura atxikitako dendari bakoitzak ezkerreko txartela izango du dendan ikusgai. Kontsumitzaileari gogoraraziko diote denda barruan Durangaldeko produktuak eskuragarri dituela. Bestetik, eskumako txartel beltza ere ipiniko dute. Txartel beltza produktu bakoitzaren ondoan egongo da ikusgai eta hainbat informazio eskainiko du: produktuaren izena, ekoizlea zein den, jatorrizko herria zein duen, eta prezioa. Bestalde, baten batek proiektuari buruz gehiago jakin gura badu, dendariek eskuorriak ere izango dituzte eskura.
"Durangaldetik, Durangaldeko eta Durangalderako" proiektua
Urkiola Landa Garapeneko presidente Orlan Isoirden esanetan, elikadura proiektu hau "Durangaldetik, Durangaldeko eta Durangalderako" bokazioz sortu da eta ekoizle-dendarien ekonomia garatzen lagunduko du. Dendarien eta ekoizleen informazioa gura duenak HEMEN topatu dezake gehiago. Dena dela, antolatzaileek adierazi dute egitasmoak zabalik egoten jarraitzen duela, eta gura duten ekoizleak eta dendariak bertara batu daitezkeela.
ZER DIOTE EKOIZLEEK ETA DENDARIEK?
Proiektura batu den baserritarretako bat Roman Bengoa berriztarra da. Bengoak ortuari ekologikoak ekoizten ditu eta bere esanetan, Durangaldean "oso kalitate oneko" produktuak ekoizten dira. "Dendetara freskotasun handiagoagaz ailegatzen dira produktuak. Elkarlan honek aukera ematen digu gure produktuak gehiago bistaratzeko. Horretarako ezinbestekoa da lankidetza", dio. Gazteria lehen sektorera hurreratzeko aukerez ere egin du berba Bengoak. "Gazteriari erakutsi behar zaio lehen sektoretik bizi daitekeela. Gogorra da, baina niretzat badira are lan gogorragoak. Bestalde, horretarako oztopoak kendu behar dira. Baserrikoa bazara izango duzu lurra, baina baserrikoa ez bazara, ez. Lurretara sartzeko oztopoak kendu behar dira", azaldu du.
Dendarien artean Iñaki Uribe egon dago, Saltsan establezimenduko kidea. Berak dioenez "behar asko egin behar da" eskualdeko produktuen salmenta bultzatzeko. "Ez da bakarrik produktuak dendan ipintzea. Dendariak sinetsi behar du hor zerbait kalitatezkoa duela, norberak eman behar dio bultzada. Gainean egon behar da. Kontsumitzailea produktua dastatzerakoan konturatuko da produktuaren balioaz", dio. Euskotzarak dendako Alicia Guedek ez du dudarik izan proiektuagaz bat egiteko. Horrelako egitasmoak "beti lagungarriak" dira, bere esanetan. Gainera, "berme" bat dira bezeroei "kalitatezko produktuak helarazteko".