Durangoko Geu Be elkarteak eta Zornotzako AIDAE elkarteak urteak daramatzate desgaitasunen bat duten herritarrak laguntzen eta gizartea kontzientziatzen. Gaurkoa Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna da, eta aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko egitasmoak antolatu dituzte.
Geu Bek, adibidez, txokolatada egingo du arratsalde honetan. 18:30etatik 20:00era bitartean Durangoko Andra Marian egongo dira, handik igaroko diren herritarrei txokolate beroa banatzen. Saltsan katering etxeko kideek lagundu dute egitasmoa antolatzen.
Zornotzako AIDAE elkarteak ere bere aldarrikapenak eramango ditu kalera. Arratsalde honetan Zornotzako gabonetako argiak pizteko ekitaldian parte hartuko dute Zubiaur musika eskolako umeekin batera. Ekitaldia 17:00ean hasiko da udal plazan. Horrez gainera, AIDAEk elkartea diruz laguntzeko kamiseta eta jertse berriak kaleratu ditu.