"Ahalegindu naiz Bernart Etxeparek idatzitakoa konpontzen, hobetzen, eta bere estiloa mantentzen"

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 7a, 12:00

Xabier Amurizak (Etxano, 1941) euskara batura ekarri du ezagutzen den euskarazko lehenengo liburu idatzia: Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae'. Autoekoitzitako liburua da. 350 ale finantzatu eta kaleratu ditu Amurizak berak. Elkar banaketa etxearen esku utzi ditu 300 bat ale

Ia 500 urte joan dira Etxeparek euskarazko lehenengo liburua idatzi zuenetik eta 50 euskara batua sortu zenetik. Eta, hara, azkenean Etxepare euskara batuan dugu.
Bai, honek guzti honek Bilboko Arriaga antzokian du sorrera. Bilbo Zaharra euskaltegiak klasikoen irakurketa jarraitua egiten du urtero, 8:00etatik 20:00etara. Aurtengo ekainaren 3an Etxepareren liburua irakurri dute, modu jarraituan. Hori dela-eta, berbaldi bat emateko eskatu zidaten. Baiezkoa eman nuen, eta berbaldia prestatzerakoan, hor aritu nintzen, handik eta hemendik tiraka, gaiari gustua hartuta. Liburuko hitzaurrean diodan legez, Etxeparek bazuen euskarazko lehenengo idazlea izatearen kontzientzia. Eta horrek inpresio itzela eragin dit beti. Gure lehenengo idazlea da. Beste hizkuntzetan ere baten bat izango zen lehenengoa. Baina ez zuten lehenengo izatearen kontzientzia hori. Etxeparek, ostera, bai. Bada, berbaldi hori prestatzen ari nintzela, saiakera bat egiteko beste material nuen, eta antologia moduko bat egin nuen. Poema bakoitzetik banaka bat estrofa hartu eta batura ekarri nituen. Eta neure artean esan nuen: “hau egin badut, osoa zergaitik ez?”. Eta dena batura ekartzea erabaki nuen. Etxepareren teknika oso sinplea da. Errimak bariazio gutxikoak dira. Ahalegindu naiz Etxeparek idatzitakoa konpontzen, hobetzen, eta beti ere bere estiloa mantentzen. Liburuan biak agertzen dira, ezkerreko zutabean jatorrizko testua, eta eskuman batuan. Askorentzat hizkuntza enigmatikoa da eta ahalegindu naiz ulertarazten. Bere estiloa apurtu barik ahalegindu naiz batura ekartzen, bariazio apur bategaz. Baten batek esan dit: “Sasoia zen Etxeparek zioena behingoz ulertzeko!”

Etxeparek inpresio itzela eragin dizula aipatu duzu.
Orain arte, Etxepareren berbak erabilita sortu diren kantak ezagutu ditugu: Sautrela ("Heuskara da kanpora, eta goazen oro danzara...") eta Kontrapas ("Garaziko herria benedika dadila, euskarari eman dio behar duen tornuia..."). Euskara goraipatzen duten kanta bi dira. Baina azpimarragarria iruditzen zait Emakumeen alde (Emazten fauore) poema sorta hori. Harrigarria da. Hor esaldi batzuk daude, estrofa batzuk daude, feminismorik erradikalenak ere esango ez lituzkeenak. Hara zer dioen poema horretako hamargarren estrofak: "Bertutea behar luke gizonak handiago, andreengan nik dakusat ongiz ere gehiago. Mila gizon gaiztorik da emazten batendako, gizon baten mila andre bere fedean dago". Honako hauek ere esaten ditu: "Txarkeria sortzen baita beti gizonetarik! Nola egozten zaie, bada, emazteei errurik?" edo "Ez dut entzun emazteak bortxaturik gizona, bai gizona andreari zoroki darraiona". Orain dela 500 urte esandakoak dira. Nork eta abade batek. Etxeparek zelan  atera zuen emakumeen aldeko eta gizonen kontrako erradikaltasun hori? Oso txokantea eta fuertea da orain 500 urte abade baten ahotik gizonen kontrako eta emakumeen aldeko jarrera hori ikustea.

Bestalde, Etxeparek "euskara, jalgi hadi plazara" esan zuen orain 500 urte. Eta badirudi bost mende igaro arren euskaldunok esaldi horregaz segitzen dugula, euskara plazara ateratzeko ahaleginetan.
Etxeparek hori kantatu zuenean sinetsi egiten zuen horretan. Eta ez bakarrik plazara. Mundura atera gura zuen euskara. Ororen gainetik, guztiaren gainetik. Horregaitik esaten dut Etxepare izango zela euskaldunik zoriontsuena. Sinetsi egiten zuen. Eta bere burua ikusten zuen sinesmen horren eragile. Pentsa zer nolako barren euforikoak izango zituen. Tira, gu ere horretan gabiltza oraindino ere, baina ez dakit haren besteko federik ote dugun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!