Ziklo-krosa protagonista asteburuan, Garaiko eta Abadiñoko probekin

Joseba Derteano 2021ko aza. 24a, 12:59

Ziklo-kros zaleak zorteko daude. Durangaldean proba bi izango dira  asteburuan: Garain zapatuan eta Abadiñon domekan. Orain urte bi, asteburu banatan izan ziren, baina aurten berean batzea lortu dute antolatzaileek. Horrela, kanpotik datozen ziklistei lasterketa bitan parte hartzeko aukera eskaintzen diete.

Garaiko ziklo-krosak bigarren aldia egingo du zapatuan. 09:00etatik aurrera, hainbat mailatan lehiatuko dira. Eliteena eta 23 urtez azpikoena 13:30ean hasiko da, udaletxe paretik. 2,7 kilometro dituen zirkuitua iazko bera izango da, aldaketa txikiren bategaz.

Abadiñon, estatuko onenak
Matxorriren oroimenezko Abadiñoko ziklo-krosak estatuko onenetarikoak batuko ditu domekan, Muntsaratzeko landetan egindako zirkuituan. C2 mailako proba da, Elorrioko eta Laudioko C1-ekoen ostean Euskal Herrian dagoen garrantzitsuena.

Zirkuituak hiru kilometro pasatxo ditu; 200 bat metro kenduta, gainerako guztia landan da. Lehenengo lasterketak 09:30ean hasiko dira. Emakumeen elite mailako lasterketa 11:45ean hasiko da eta gizonena 12:45ean.

Mailaz maila Durangaldeko hainbat txirrindulari daude irabazteko edo aurrean ibiltzeko hautagaien artean. Esaterako, kadete mailan Berrizen eta Lepazpian garaipena lortu duten Laida Hierro eta Nahia Garcia. Mutiletan, Mikel Aranzabal kadetea eta Laudion laugarren egin zuen Oinatz Farelo juniorra nabarmendu daitezke. Nagusiei dagokienez, Jon Munitxa abadiñarra sasoian dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!