Tokikom taldeak Tokikom Sariak sortu zituen duela 6 urte, euskarazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko xedez. Aurtengo edizioa barikuan ospatuko da, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onenaren saria emateaz gain, publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria ere emango dute ekitaldian. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute eta, nabarmendu dutenez, "igarri da pandemiak aukera eman duela lanketak era pausatuago batean egiteko”.
Komunitatea josten jardunaldia
Sariak emateko ekitaldia probestuz, TOKIKOMek jardunaldi bat ere antolatu du, euskarazko komunikabideetako profesionalei zuzendutakoa. Komunitatea josten izenburuarekin, tamaina ezberdineko komunikabideen zein komunikabide horien eta haien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko dituzte, nazioarteko adituen eskutik. TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan gertatzen denari adi egotearen garrantzia azpimarratu du: "Ekartzen ditugun profesionalekin dugun harremanak erakutsi digu badugula nondik ikasi".