Gutierrez eta Kortazar bikain uretako motoen munduko txapelketan

Joseba Derteano 2021ko urr. 29a, 13:30

Urriaren 18tik 24ra, uretako motoen munduko txapelketa lehiatu dute Mallorcan. Andoni Gutierrez abadiñarra txapeldun geratu da eta Lander Kortazar durangarrak hirugarren amaitu du.

Andoni Gutierrez aurretik ere munduko txapelketan aritutakoa da eta podium bat baino gehiago eskuratu du. Kortazarrentzat, ostera, hau estreinako urtea izan da munduko txapelketan. Biak Basque Raiders klubean dabiltza eta Alacanteko (Valentzia) Sea Level taldeko kirolari banagaz aritu dira txapelketan. Hau da, binaka aritu dira.

Hain ondo aritzea sorpresa bat izan da eurentzat. "Ez genuen espero. Gure uretako motoak berez fabrikatik datozenak ziren. Kirol honetan frantziarrak dira onenak, eta guk ez dugu aurrekontu nahikorik euren motoekin parekatzeko", dio Kortazarrek. Beraz, zelan lortu dute hain ondo aritzea? "Itsaso zakarra egon da batzuetan, eta gu ohituta gaude horrelako baldintzetan", argitu dute.

Erresistentzia proba bat izan da. Sei egunetan buelta bat eman diote Mallorca irlari. Espainiako txapelketan 25 minutuko saioak egitera ohituta zegoen Kortazar, baina Mallorcan 80 bat kilometro egin behar izan ditu egunero. "Gogorra izan da. Zerbaitegaitik deitzen diote proba honi uretako Dakar-a", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!