Durangaldeko bederatzi lagunek Trans-Nomad enduro lasterketan parte hartuko dute

Joseba Derteano 2021ko urr. 5a, 10:21

Bederatzi parte hartzaileak atzo, Abadiñoko Basque Country Bike dendaren aurrean.

Bihartik domekara bost etapa egingo dituzte Pirinioetan.

Aurten bueltan da Trans-Nomad, mendi bizikletagaz Pirinioetan egiten den enduro lasterketa ezaguna eta Durangaldeko bederatzi lagunek talde bat osatu dute bertan parte hartzeko. Honako hauek dira bederatzi lagunak: Andoni Larruzea, Paul Erdoiza 'Lebeiti', Mikel Mendizabal, Jabi Beitia, Zigor Iturrieta, Xabi Markiegi, Adiran Jurado, Harriet Ibarretxe eta Igor Garate. Denak eskualdekoak dira, Abadiño, Durango, Iurreta, Zornotza edo Eubakoak. "Hemen inguruan enduroa elkarrekin egiten dugun lagun-talde bat gara", azaldu du Larruzeak.

Batzuentzat ez da Trans-Nomad lasterketan ariko diren lehenengo aldia izango. Mikel Mendizabal eta Igor Garate orain lau urte estreinatu ziren. Orain urte bi errepikatu egin zuten eta beste lagun bi gehitu zitzaizkien taldera: Harriet Ibarretxe eta Paul Erdoiza 'Lebeiti'. Gainerakoentzat aurtengoa izango da lehenengo aldia. "Denok elkarrekin ondo pasatzea eta minik hartu barik amaitzea dira gure helburuak. Baina gure artean piketxoak egongo dira eta afariak dibertigarriak izango dira eguneko etapak komentatzen", onartu du Larruzeak.

Bihartik domekara

Eguaztenetik domekara, 210 kilometro egingo dituzte bost etapatan —kronometratutako bederatzi tarte— banatuta. Pirinioetan ibiliko dira, Benasque eta Bielsa inguruan. Egunero 1.600 metroko desnibel positiboari eta 2.200 metroko desnibel negatiboari aurre egingo diote, batez beste. Kronometratutako tarteak aldapa beherakoak izango dira.

Abentura honetan laguntzaile eta babesle izango dituzte Gaursa eta Abadiñoko Basque Country Bike denda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!