Zainketa aringarrien balio ukiezinak aztertu dituzu.
Gaixotasun larria duten pertsonek hiltzeko duten gogoan sakondu gura nuen. 200 gaixo elkarrizketatu nituen, eta emaitza desberdinak atera ditut. Alde batetik, hil gura izateko esperientzia desberdinak daudela. Askotan, 'hil egin gura dut' espresioaren atzean, laguntza eskaera bat dago. Hiltzeko gogoa desberdina den neurrian, gaixoak ezin dira berdin artatu. Badago hiltzeko gogo bat automugatua dena, probokatzen duten faktoreak desagertu ahala joaten dena; elkarrizketatuen %11k gogo hori zuten, noizean behinekoa. Elkarrizketatuen %7k hiltzeko gogo iraunkorragoa zuten, ia egunerokoa. Baina hor bestelako ñabardura bat dago: guztiek ez zuten heriotza aurreratzeko gogorik. Aurreratzea gura zutenak elkarrizketatuen %1etik 2ra bitartean zeuden. Beraz, datu horiekin fenomenoaren konplexutasuna sakonago aztertu eta ulertu daiteke. Sentimendu hauen atzean, sufrimendu bat dago, izan daikete fisikoa, psikologikoa, soziala eta baita existentziala ere. Orokorrean, berandu ailegatzen gara pazienteengana, jada asko sufritu dutenean. Ordurako, pazienteari sufrimendua arintzea gatxagoa da, motxila sufrimenduz beterik dutelako, eta nekatuegi daudelako egoeragaz.
Zainketa aringarriak berandu heltzen dira, beraz.
Zainketa aringarriak ez dira denera heltzen. Oinarritik hasita, gehitu behar da zerbitzu gutxi dagoela, gainera. Europako Zainketa Aringarrien Batzordeak zerbitzu bi egotea gomendatzen du 100.000 biztanleko. Espainiako estatuan, 0'6 zerbitzu dago 100.000 biztanleko. Horrek zer dakar? Oso zerbitzu murritzak edukitzean, horiek zentralizatuak dira, eta, ondorioz, jarraipenak oso berandu egiten dira; sarri, azken egunetara mugatzen dira. Zerbitzuak gehitu egin beharko lirateke, gu [zainketa aringarriak] lehenago heldu ahal izateko. Aurretik ailegatuz gero, denbora edukiko genuke gauzak lantzeko, bai gaixoagaz, bai familiagaz, eta bizitzaren azken fase horri kalitate maila bat eman ahal izateko. Bizitzako azken fasean kalitatezko bizi maila bat edukitzea da zainketa aringarrien helburua, eta ez da lortzen ari. Asko dago egiteko horren inguruan.
" Garaiz ez heltzera, gatxagoa da pazienteari sufrimendua arintzea, motxila sufrimenduz beterik duelako, nekatuegi dagoelako egoeragaz"
Hainbat ikerketek diote zainketa aringarri goiztiarrek eragina dutela bizi-kalitatean, eta asko hobetzen dela antsietateari eta depresioari dagokienez, esaterako. Baina egun ditugun zerbitzuekin, ezin da. Profesionalek ere, gizarteak lez, tabutzat dute heriotza.
Badago nora begiratu zerbitzuak hobetzeko?
Pentsa, Espainian, medikuntzan ez dago espezializaziorik zainketa aringarrietan; erizaintzan ere ez, hemen beste asko ere falta diren arren. Austriara begiratu dezakegu. Han, 2'2 zerbitzu dituzte 100.000 biztanleko. Horrez gainera, medikuntzako eta erizaintzako fakultateetan derrigorrezko ikasgaia dira. Gainera, zainketa aringarrietako espezializazioa ere badute. Zainketa aringarrietako estrategia nazional espezifikoa dute; hau da, paperetik harago, errealitatean txertaturik dago. Erresuma Batuan, 1'3 zerbitzu dute 100.000 biztanleko, eta Alemanian 1'1 100.000 biztanleko. Bietako medikuntza fakultateetan derrigorrezko ikasgaia dira, eta espezializazioa ere badute. Badago nondik ikasi, beraz.