Nork ez du sekula ere imajinatu zelakoa izango den bere heriotza? Edo nork ez du pentsatu zelakoa izatea gustatuko litzaiokeen? Bizitzaren amaiera sufrimenduagaz edo minagaz lotzera jotzen dugu, baina modu desberdinak daude hiltzeko. Hil zaitezke minez eta bakarrik, hileetako sufrimenduaren ondoren, edo ohean etxekoek inguratuta. Horra hor adibide desberdin bi. Bizitzak muga bat du, amaiera bat, baina zukutu egin daiteke amaierara arte. "Gaixotasun bat itzulezina denean, hil arte itxarotea besterik ez dagoela ematen du, baina hori ez da horrela. Hil artean, bizirik gaude, eta gauza asko egin daitezke oraindino ere, oso gauza ederrak bizi daitezke fase horretan ere. Horretarako, garrantzitsua da pertsona erdigunean ipintzea eta hainbat eremutan lan egitea. Izan daiteke sintomen aldetik lantzea, edo familiagaz zerikusia dutenak lantzea. Azken fase horrek iluna izan behar duela pentsatzen dugu, baina izan daiteke kolore askodun fase bat ere", azaldu du Alazne Belar erizain atxondarrak. Erizaina izateaz gainera ikerlaria ere bada, eta, hain zuzen ere, zainketa aringarriek bizitzaren amaieran duten eragina ikertzen du, besteak beste, Nafarroako Unibertsitatean.
Zainketa aringarriak sedazioagaz lotzen dira sarri, baina hori baino helburu anbiziotsuagoa dute. "Gaixoaren zaintza integral bat egiten dugu, ahalik eta bizi-kalitaterik onena eskaintzeko eta sufrimendua arintzeko, ahal den neurrian", laburtu du Belarrek. "Pertsonak dituen beharrizanei kasu egin, eta horietan oreka bat topatzea da zainketa aringarrien gakoa", dio Leire Lazpita erizain zaldibartarrak. Lazpitak Galdakaoko (Bizkaia) Ospitaleko Zainketa Aringarrietako Unitatean lan egiten du. "Zainketa aringarriak ez dira bizitzaren azken egunetarako bakarrik. Gaixotasun larri bat agertzen den unean hasi gaitezke lanean gaixoaren bizi-kalitatea hobetzeko", gaineratu du Belarrek. Bide horretan, "aukera zabala" dagoela azpimarratu du Lazpitak ere: "Pertsonaren araberakoa izan behar du erabakiak. faktore asko daude: adina, egoera... Sufrimendua bera oso pertsonala da, eta batzuentzat aringarria dena beste batzuentzat ez da hala. Zainketa aringarrietan hori guzti hori kontuan hartu behar da, pertsona erdigunean ipinita".
Lazpitak Galdakaoko Unitatearen sorreran parte hartu du, eta pandemiak ibilbidea oztopatu eta zerbitzua aldi baterako bertan behera utzi zuen arren, pozik dago jardunagaz. Azken sasoian zainketa aringarriekiko hautematea aldatu dela sumatu du. "Paliatibo berbak ez du oso harrera ona izaten; hala ere, gugaz berba egin eta gero, gaixoak eta senideak lasaiago geratzen dira. Pazienteek eurek erabaki behar dute euren bidea zelan egin. Gu laguntzarako sistema bat baino ez gara", gogoratu du Lazpitak. 2019an sortu zen unitatea, eta, Lazpitaren esanetan, urteotan 500 paziente baino gehiagogaz egon dira; osasun krisialdia tarteko, unitatea itxita egon dela kontuan hartuta, zifra ona dela deritzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost ospitale handietako azkena izan da halako unitate bat sortzen. “Ospitalea gizartearen isla da eta heriotza tabua da hor ere, baita profesionalentzat ere. Ez da erraza zainketa aringarri integralak eskaintzea langileak horretarako prestatuta eta trebatuta ez badaude. Orain gaia pil-pilean dago eta nabaritzen da. Pazienteek eta euren familiek gure zerbitzua eskatzen dute, eta langileen artean ere handitu ere egin da formakuntza eskaera”, adierazi du.
Tabuak uxatuz
Ekainetik aurrera, Hego Euskal Herriko biztanleek bizitza noiz eten erabaki dezakete; eutanasia osasun sistemaren barruan erabili daitekeen zerbitzua da. Heriotzaren gaia mahaigainean ipini da beste behin ere. Baina, beharbada, ikuspuntu praktikoago bategaz. "Heriotza gure bizitzetatik atera egin dugu eta honen testuinguru osoa medikalizatu baino ez dugu egin. Heriotza bizitzaren parte izango balitz lez biziko bagenu, aldea egongo litzateke", azaldu du Belarrek. Iritzi berekoa da Lazpita: “Eutanasiaren Legea indarrean sartzeak, telebistan ikusteak, heriotzari buruz gehiago berba egitea ekarri du. Honek ez du esan gura ehunka eutanasia eskaera egingo direnik, baina jendea kontzienteagoa izatea ekarri du, heriotza existitzen dela gogoratu digu”. Erizain zaldibartarraren berbetan, COVIDaren agerpenak ere eragina izan du alde horretatik. "Lagundu egin du horretan. Heriotza bakarti eta krudel asko eragin ditu, asistentziarik bakoak; dolu txar asko ere eragin ditu, eta horrek kontzientzia puntu hori hartzen lagundu du, heriotza ere duintasunetik hartzeko", gaineratu du Lazpitak. Eta heriotzaz berba egiteak zaintza aringarrietan izan dezakeen eragin positiboa nabarmendu dute Belarrek eta Lazpitak. "Askotan, familiek okerrago pasatzen dute pazienteek eurek baino. Pazientea ondo egoteko, zaintzaileak ondo egon behar du. Baita familiakoek eta ingurukoek ere. Sentitu behar dute ez daudela bakarrik bide hori egiten. Nik beti esaten diet iraupen-lasterketa bat dela hau, egun onak aprobetxatzeko, eta egun txarrak ahalik eta bizkorren igarotzen uzteko", azaldu du zaldibartarrak.
Ezezagutza
Zainketa aringarriez berba egiterakoan, pasioa sumatzen zaie langile biei. "Zainketa aringarrietan, bokaziozkoa ez den langile gutxi topatuko duzu bertan beharrean. Lan gogorra da, eta intentsoa, baina norbaitek egin behar du, eta hobe gustuko duen norbaitek egiten badu", dio Lazpitak. Hain zuzen ere, urteetako jardun horren aitortza jasotzen dabiltza orain, profesionalen zein gizartearen aldetik. "Gure unitatearen zerbitzuak eskatzen dituzte orain, geroago eta gehiago, baita langileek ere", esan du. Zainketa aringarriek ez dute espezializaziorik Hego Euskal Herriko fakultateetan, eta ikasgai modura ere ibilbide laburra dute. Osasun sisteman txertatzeko, hezkuntza sisteman txertatzea beharrezkotzat ikusten dute, beraz. "Jaiotzak baditu bere espezializazio propioak, emagin izatekoa, adibidez. Baina heriotzaren kasuan ez da horrela. Masterren eta ikastaroen bitartez trebatzen gara zainketa aringarrietan", azpimarratu du erizain zaldibartarrak. Lazpitak Bartzelonan egin zuen Zainketa Aringarrien masterra.
Hiltzea, desioa?
Unibertsitateko ikerketa lanak ere zainketa aringarriak osasun sisteman txertatzea errazten ari dira. Ikerketa lan horietan dabil Alazne Belar, hain zuzen ere; Nafarroako Unibertsitateak martxan duen Atlantes proiektuaren barruan. Nafarroako ospitale biko 200 gaixo elkarrizketatu ditu, eta zainketa aringarriak "berandu" aplikatzen direla da ondorio nagusietariko bat. "Zainketa aringarriak ez dira denera heltzen, eta jendeak sufrimenduagaz lotzen du heriotza. Beldur handia dago bizitzaren azken etapa hori zelakoa izango den, eta hortik ondorioztatu daiteke, aurretik helduko bagina, sufrimendu eta beldur asko arintzea lortuko genukeela", adierazi du Belarrek. Pazienteekin egon eta gero, ondorioztatu du batzuen nahia sufrimendua amaitzea ere badela. "Gaixo askoren kasuan, 'hil egin gura dut' esatean, sufritzen dabiltzala da benetan esan gura dutena. Sufrimendua fisikoa izan daiteke; mina, adibidez, baina izan daiteke sufrimendu existentziala ere; hau da, faktore karga bat sentitzearen modukoa, edo bizitzari zentzua galdu izanaren parekoa", azpimarratu du. Gaia "konplexua" dela uste du Belarrek, eta eztabaida "sakon" bat behar dela, "gizarte lez egin beharrekoa". "Badakigu heriotza errealitate bat dela, eta zelako gizartea gura dugun hausnartu behar dugu. Alderdi instituzionaletik, galdetu behar dugu ea zergaitik osasun sistemak ez duen nahikoa baliabide pazienteek eduki ditzaketen sufrimenduak arintzeko. Bestetik, norbanako modura arduratu beharko genuke, ea zelako gizartea gura dugun; hau da, benetan gura dugun gaixotasun larria duten pertsonak edo pertsona nagusiak baztertzen dituen gizarte eredu hau", gaineratu du.
Eutanasiaren Legearen lehenengo Eutanasiaren Legea ekainaren 25ean indarrean sartu eta egun berean, prozesua martxan ipintzeko eskaera egin zuen Durangoko familia batek. Horrela, 86 urteko emakume durangar bat izan da eutanasiaren bitartez hil den lehenengo pertsona Espainiako estatuan. ANBOTOk bere senide bategaz berba egin ahal izan du, eta prozesuan zehar osasun langileen aldetik jasoriko babesa nabarmendu du. “Asko eskertzen da. Sentimenduak lehenengo lerroan daude eta kudeatu egin behar dira. Prozesuan hurbiltasuna, enpatia eta babesa sentitzea ezinbestekoa da bidaia naturaltasunez eta koherentziaz egiteko”, esan du. Heriotzaz berba egiteak duen garrantzia ere azpimarratu du: “Agian, bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketei ez diegu behar den besteko tarterik eskaintzen. Gaixotasun larri eta egoera sendaezin batean, esperantza bakarra heriotza denean, eutanasiak aukera bat eskaini ahal digu bidea erosoago egiteko”. Uztailaren 23an hil zen 86 urteko emakumea, etxekoez inguratuta. |