Zapatuan eta domekan Bizkaikoloreak txirrindularitza lasterketaren probak jokatuko dira Durangaldean. Biharko etapa Abadiñoko Txanportatik abiatuko da 16:00etan eta Gaztañodian bukatuko da, bidean Miota igo, Andikoa igo eta 55 kilometro egin eta gero. Domekako proba, berriz, Iurretan hasi eta amaituko da. Miota, Areitio eta Garai igota amaituko da lasterketa, 73 bat kilometro egin eta gero.
Abadiñoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, emakumeen lasterketak bat egiten du gobernu taldeak 2020-2023 agintaldi-planean emakumeen kirola sustatzeko hartutako konpromisoagaz. Mikel Garaizabal alkateak herritarrak animatu ditu "errepide ertzetara hurbiltzera eta txirrindulariak animatzera, jende gehien egon daitekeen lekuetan musukoa erabilita".