Mankomunitateko Plan Estrategikoa "elkartasuna, ekitatea eta ongizatea" sustatzeko bokazioz jaio da

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 22a, 13:02

Mankomunitateak 2021-2024 denboraldirako Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur. Horrelako plan bat kaleratzen duen lehenengo aldia da eta bere helburuen artean finkatu du Durangaldeko zerbitzu publikoak "modu solidarioan, eraginkorrean eta jasangarrian" eskaintzea.

Mankomunitateak banakako hamar elkarrizketa egin ditu erakundearen parte diren herrietako alkateekin. Galdetegiak banatu ditu beharginen artean, elkarrizketak egin ditu alderdi politikoekin, eta azpimarratu du "oposizioko alderdi nagusia" - EH Bildu- ere aritu dela "talde motorean". Diagnosi hori egin eta gero, Mankomunitateak Plan Estrategikoan jaso ditu helburu nagusiak.

Mireia Elkoroiribe presidenteak gaur zerrendatu dituenez, honako hauek lirateke, besteak beste, helburu nagusi horiek: ongizatea, jasangarritasuna, lan duina, instituzioen arteko lankidetza eta efizientzia. Horrez gainera, Elkoroiribek aurreratu du Mankomunitateak zerbitzu sozialak koordinatzeko behargin bat kontratuko duela. Oraingoz ez dute horretarako data zehatzik, baina presidenteak azpimarratu du "lehenbailehen" egin gura dutela kontratazioa. Alde horretatik, Javi Crespo presidenteordeak gogora ekarri du "Mankomunitateko aurrekontuen %60 baino gehiago" zerbitzu sozialetara bideratuta dagoela.

"Pribatizaziorako" ate bat

Duela egun batzuk, EH Bilduk esan zuen Plan Estrategikoak "atea" zabaltzen diola hondakinen zerbitzua "pribatizatzeko" aukerari. Gaur, EAJk gezurtatu egin du hori. "Ez dago ezer pribatizatzeko asmorik", esan du Mireia Elkoroiribek. "Mahai gainean ez dago horrelakorik. Gure helburua gizarte zerbitzuak hobetzea da, horiek direlako Mankomunitate honen tresnarik inportanteenak", esan du. EAJk kideek "sorpresa handia" hartu dute koalizio subiranistaren adierazpen hori dela eta. "Plan honen lanketan parte hartu dute. Desadostasun bakarra berditasunaren arloan izan genuen. Eta hori lantzeko tailer espezifiko bat egin genuen. Astelehenean, hondakinen gaiari buruz ezelako desadostasunik agertu barik, planaren kontra egingo zutela aurreratu ziguten", kritikatu du Elkoroiribek.

Mankomunitateko presidenteak plana ona dela defendatu du. "Plan honek eskualde mailako kohesioa landuko du. Berri ona da", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!