Durangaldeko EH Bildu: “EAJk hondakinen zerbitzua pribatizatzeko bidea zabaldu gura du”

Anboto 2021ko uzt. 19a, 19:37
Hondakin edukiontziak, Elorrioko kale batean.

Koalizio subiranistaren esanetan, Mankomunitateko Plan Estrategiko berriak “atea” zabaltzen dio “hondakin zerbitzuaren pribatizazioari”.

Hori dela eta, EH Bilduk aurreratu du ez duela Plan Estrategiko berria babestuko. Hiru arrazoi eman ditu horretarako. Euren arabera planak atea zabaltzen dio hondakin zerbitzuaren pribatizazioari, gizarte zerbitzuak “zeharka” lantzen dira testuan, eta, horrez gainera, Mankomunitateko pertsonala “egonkortzeko neurriak” ez dira aintzakotzat hartzen. Ainara Otxotorena Tokiko Garapen Batzordeko bozeramailearen berbetan, koalizioak ez du eztabaida horretan parte hartuko, “pribatizazioa orain arte ez delako inoiz planteatu eta udalek ez dutelako eskaera hori egin”. Otxotorenak gaineratu du zerbitzua “hobetu” daitekeela, “baina beti ere bertako langileak mantenduz”. Alde horretatik, Eneritz Azpitarte EH Bilduko antolakuntza batzordeko kideak gaieneratu du Mankomunitateak “erronka handia” duela pertsonalagaz, “langile asko datozen bost-hamar urtetan jubilatuko direlako”. 

Koalizioak, bestalde, gizarte zerbitzuek plan estrategikoan duten isla “eskasa” kritikatu du. “Gizarte arloko zerbitzuak lehendik garatu behar genituela genekien, eta bi urte pasa dira legeak ezartzen dituen zerbitzuetan inolako aurrerapausorik eman barik”, esan du Ane Abanzabalegi gizarte arloko bozeramaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!