Peio Etxezarraga, Ibon Presno, Ander Garcia eta Asier Azkarate Espainiako txapeldun, salbamendu eta sokorrismo txapelketako errelebo proban

Joseba Derteano 2021ko uzt. 20a, 11:56
Peio Etxezarraga, Ibon Presno, Ander Garcia eta Asier Azkarate Espainiako txapelketa irabazi ostean.

Tabira Igeriketa Taldeko gazteek sorpresa eman dute Galizian lehiatzen ari den txapelketan.

Egunotan, salbamenduko eta sokorrismoko Espainiako txapelketa lehiatzen ari dira gazte junior mailako 432 kirolari Galiziako Laxe hondartzan. Durangoko Tabira Igeriketa Taldeko sokorristek hainbat postu azpimarragarri lortu dituzte orain arte. Esaterako, Peio Etxezarragak, Ibon Presnok, Ander Garciak eta Asier Azkaratek osatutako laukoteak urrezko domina irabazi zuen atzo 90 metroko errelebo proban. “Gogor entrenatzen aritu dira eta aurreneko hiruretan sartzeko aukerak ikusten genituen, baina irabazi izana sorpresa izan da”, adierazi du Tabira Igeriketa Taldeko Gonzalo Diazek.

Azpimarratzeko beste lorpen bat Erenoitz Barrenetxeak, Peio Etxezarragak, Asier Azkaratek eta Iker Asiainek lortu dutena da: brontzezko domina irabazi dute tuboekin egindako erreskate modalitatean.

Honako hauek dira beste emaitza batzuk: Erenoitz Barrenetxea eta Iker Asiain bosgarren taulagaz egindako erreskate proban, juniorretan; Jon Grande eta Unai de Miguel zortzigarren modalitate berean, baina gazte mailan; Peio Etxezarraga zazpigarren juniorren Sky modalitatean eta Jon Grande hamabigarren gazteetan; Iker Asiain zortzigarren juniorren igeriketa-surf proban eta Jon Grande hamahirugarren gazteetan; Ibon Presno zazpigarren juniorren 90 metroko esprint proban eta Ibai Rodriguez seigarren gazteetan.

Eider Urigoitia 19. tokian sailkatu da Ocean modalitateko finalean. Emaitza bikaina da bere lehenengo parte hartzea dela kontuan hartuta.

Bihar atseden eguna izango da eta egun bi barru maila absolutoko txapelketari ekingo diote Tabirako Igeriketa Taldeko hainbat kidek.

Tabira Igeriketa Taldeko juniorrak eta gazteak Galizian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!