Gonzalo Diazek urrezko sei domina irabazi ditu Salbamenduko eta Sokorrismoko Espainiako Master Txapelketan

Joseba Derteano 2021ko mai. 31a, 11:00
Gonzaloz Diaz asteburuan irabazitako urrezko domina birekin (Argazkia: Facebook: Tabirait Natacionsalbamento)

Durangon eta Gorlizen artean lehiatu da txapelketa, asteburuan.

Lehenengo, Tabira Igeriketa Taldeko kideak urrezko domina bi eskuratu zituen Durangoko probetan: manikiaren 100 metroko erremolke proban —aletekin— eta 100 metroko sokorrismo proban. Hurrengo egunean, Gorlizen, urrezko beste lau dominarekin borobildu zuen asteburua: salbamendu taularekin egindako lasterketan, surf-igeriketa proban, salbamenduko sky proban eta Ocean izeneko proban. Bere hurrengo hitzordu nagusia distantzia luzeko Espainiako Master Txapelketa izango da, abuztuaren 28tik 29rako asteburuan.

Asteburu gogorra izan da Diazentzat eta ez proba askotan lehiatu duelako bakarrik. Txapelketa antolatu duen SOS Rescue Club-eko presidentea da eta antolaketa lanetan ere jardun du, beste hainbat lagunekin batera. Lortutako emaitzekin pozik dago eta baita, bere hitzetan, txapelketa bera "ezinhobeto" irten delako ere.

Durangoko igerilekuak horrelako txapelketa bat hartzen zuen lehenengo aldia izan dela nabarmendu du. Ekimenaren amaieran esker oneko plakak jaso zituzten udaletxe biek —Durangokoak eta Gorlizkoak— nahiz SOS Rescue Clubak, txapelketa aurrera atera zedin egindako lanagatik eta eskainitako babesagatik.

Horrelako ekimenak antolatzen eta sustatzen jarraitzeko asmoa dute. Apurka-apurka herri desberdinetan klub berriak sortzeko bidea erraztea eta mundu horretako komunitateari hazten laguntzea dute helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!