Produktuen etxez etxeko banaketa zerbitzua bikoitza baino gehiago igo da azken urtean. Durangoko Udalak eta Dendak Baik honako datu hau eman dute: 2019an, merkatarien elkarteko kide direnen 1.663 produktu banatu ziren etxerik etxe, eta kopuru hori 3.835era igo zen iaz. Bikoitza baino gehiago. Igoera horrek itxialdiarekin bat egin zuen, baina Durangoko merkatarien elkarteak argitu du kopuruak “egonkor” mantendu direla ordutik hona.
Hori dela eta, bizikleta elektriko bakarragaz barik, aurrerantzean bi bizikletarekin egingo dituzte banaketa lanak. Ibilgailu berriak edukiera handiagoa izango du produktuak garraiatzeko.
Gaur egun Dendak Bairen barruko 20 dendarik erabiltzen dute etxerako banaketa zerbitzua. Honako ordutegi hau dute: goizez, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara; eta, arratsaldez, martitzenetan eta eguenetan, 17:00etatik 20:00etara.