Oihana Azkorbebeitia 13. eta Gontzal Murgoitio 37. Olla de Nuria mendi lasterketan

Anboto 2021ko eka. 13a, 16:09

Azkorbebeitia proba amaitu ostean, Zegama-Aizkorriko antolatzaile Maialen eta Monikagaz.

Golden Trail World Series txapelketako lehenengo lasterketa jokatu da gaur, Katalunian, Nuriako bailaran. 

Berez, Zegama-Aizkorri maratoia zen lehiaketako lehenengo proba, baina bertan behera geratzera, antolatzaileek Olla de Nuriako lasterketa sartu zuten haren ordez. 21,5 kilometroko proba izan da, 1.940 metro positibokoa. Bertan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra 13. helmugaratu da nesketan, eta Gontzal Murgoitio elorriarra 37. mutiletan. Parte hartzaileen maila ikusita, biak pozik daude lorturiko emaitzagaz. "Altura handian ibili gara lasterketa osoan, eta asko nabaritu dut hori. Gainera, ibilbidea oso gorabeheratsua izan da", nabarmendu du Murgoitiok. Azkorbebeitiak ere berdina azpimarratu du: "Lasterketa ia 2.000 metrotan hasten da, Nurian, eta hasieran Puigmal mendia (2.913 m.) igo dugu. Hortik aurrera ere altuera handian ibili gara. Lasterketako %70 2.700 metrotik gora egin dugu eta ni neu behintzat ez nago ohituta altuera horietara".

Mathys Maude suitzarrak irabazi du nesketan, erakustaldia emanda. Judith Wylder suitzarra sailkatu da bigarren, eta Oihana Kortazar euskaldunak osatu du podiuma. Mutiletan, Stian Angermund norvegiarra nagusitu da. Remi Bonnet suitzarra izan da bigarrena eta Davide Magnini italiarra hirugarrena. Irabazle biek txikitu egin dituzte probako errekorrak, Mireia Miro eta Kilian Jornet katalanena hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!