Durangoko Anbotopekok Bizkaiko Lehenengo Mailako saskibaloi liga irabazi du

Joseba Derteano 2021ko eka. 1a, 12:00
Anbotopekoko jokalariak lorpena ospatzen. (Argazkia: Luis Iturrioz)

Zaldibarko Zaldua azpitxapeldun geratu da. Zornotza Saskibaloi Taldea, berriz, maila bat goragoko liga irabazi du.

Bizkaiko ligetan dabiltzan eskualdeko saskibaloi taldeek hainbat ospakizun izan zituzten joan zen asteburuan. Alde batetik, Lehenengo Mailako ligako txapelduna erabakitzeko finalak eskualdeko talde bi jarri zituen aurrez aurre: Durangoko Anbotopeko eta Zaldibarko Zaldua. Eurak izan dira aurtengo talderik onenak maila horretan. Partidua Durangoko Tabiran jokatu zen eta Anbotopekok irabazi zuen: 60-47. Hasieratik gehiago izan ziren durangarrak. Lehenengo laurdenean 13 puntuko abantaila lortu zuten: 23-10. Bigarrenean zaldibartarrak apur bat hurreratu ziren (33-24), baina hirugarrenean partidua erabakita geratu zen (57-35). Anbotopekok Lehenengo Mailako liga hiru bider irabazi du azken urteetan.

Bestalde, maila bat gorago, Zornotzak Bizkaiko maila bereziko liga irabazi zuen. Getxo Saskibaloi Taldeari irabazi zion finala (75-60) eta Bigarren Nazional Mailara igotzeko eskubidea eskuratu zuen.

Kiroltasuna nagusitu zen; irudian, Zalduako jokalariak aurkarien ospakizuna txalotzen (Argazkia: Luis Iturrioz).

Zornotza Saskibaloi Taldeko jokalariak igoera lortu ostean. (Argazkia: @BizkaiaBasket)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!