Anboto, Mugarra, Atxarte eta Ipizte. Nor bere habian, lau zonalde horietako haitzetan bizi dira sai zuri bikoteak. Euren kokaleku zehatzak sekretua dira eta adituek urrunetik egiten dute animalia horien jarraipena. Zergaitik? "Oso animalia sentikorra delako", dio Zuberogoitiak. Bere izakeraren ezaugarri hau funtsezkoa da gertatzen dabilena ulertzeko. Inguruan pertsonaren bat dabilela sentitzen badu, habiatik irten egiten du. Hegoak zabaldu eta badoa. Eta, mesfidati, ez da bueltatuko inguruan inor ez dagoela seguru egon arte. Honako hau da habiatik alde egitearen ondorioa: habiako arrautzak beharrezko zaintzarik barik uzten dituzte. Arrautzek berotasuna behar dute behar den moduan garatzeko eta saiak eurak dira, euren gorputzagaz, berotasun hori emateko ardura dutenak. Hori barik arrautzak galdu egiten dira. "Arrautza bost-sei ordutan berotasunik barik uztea nahikoa da galtzeko", zehaztu du Zuberogoitiak.
Arrautzak galduta
Honako hauek dira datuak: Mugarrako eta Atxarteko bikoteek galdu egin dituzte arrautzak aurten. Urtean behin baino ez dituzte ipintzen —bat edo bi, normalean—, beraz aurten ez dute kumerik haziko. Atxartekoaren kasuan egoera oraindino kezkarriagoa da: azken hiru urteetan ez dute arrautzarik aurrera ateratzerik lortu. Baina arazoa ez da oraingoa eta urte askoan ikusi den joera bat dela dio Zuberogoitiak. Datu honek ondo islatzen du hori: Anbotoko bikoteak hiru kume baino ez ditu hazi XXI. mendea hasi zenetik hona. Sai zuriak urte asko hartzen ditu, 25 bat, baina, hala ere, ez da batez besteko datu ona desagertzeko arriskua duen animalia lez katalogatuta dagoen espezie batentzat.
Jendea “zirrikitu guztietatik”
Gizakiak eragin “zuzena” du sai zuriaren ugalketaren desorekan. Inguruotan, betidanik egon da mendirako joera eta pandemiak eragindako konfinamenduaren ostean “areagotu” egin da joera hori. Kontua da jendea mendi bideetatik kanpora dabilela, sai zuriaren bizitoki eremura gerturatzen dela eta orduan eragiten zaiola kaltea. “Arazoa ez da jendea mendian ibiltzea. Mendi bide askotatik ibili daiteke. Arazoa sortzen da jendea edonondik dabilenean eta horixe dabil gertatzen. Jendea mendi bideetatik irteten da eta zirrikitu guztietatik dabil”, argitu du Zuberogoitiak. “Gainera, teknologia berrien laguntzagaz bide berri horiek azkar hedatzen dira sarean eta jendearen artean, eta sarritan bide horiek eurek errepikatu gura izaten dituzte”, gehitu du.
1989an Urkiolako Parke Naturala sortu zenetik hona, hainbat lege ipini dute indarrean bertako fauna eta flora babesteko. Esaterako, Atxarteko eskalada bide batzuetan ibiltzea debekatuta dago urteko hainbat hilabetetan. Horrez gainera, 2016tik hona, Euskal Herriko hiru gailurrik enblematikoenak (Gorbeia-Anboto-Aizkorri) zeharkatzen dituen Hiru Haundiak 100 kilometroko lasterketa urrian egiten da ekainean beharrean. Anboton, Mariren koba ere ezin da gura den guztietan bisitatu: urtarriletik irailera bitartean debekatuta dago. Neurri hauek guztiek eta gehiagok sai zuriaren eta beste zenbait espezieren ugalketa babestea dute helburu, martxotik irailera bitartean hemen egoten direlako, Afrikarantz abiatu aurretik.
Baina neurriak ez dira beti errespetatzen. Zuberogoitiak Anbotoko Mariren koba ipini du adibide moduan. “Handik ingurutik nabilen egun guztietan ikusten dut jendea kobaren inguruan”. Honako hau da horren ondorioa: “Sai zuri bikote batek abandonatu egin zuen han inguruan zuen habia eta beste batera joan zen”. Izan ere, sai zuriek hainbat habia izan ditzakete. Euretariko bat habia nagusia izaten da, lehenengo bizitokia, eta beste erremediorik ez badute aldatzen dira lekuz bakarrik.
Anboto mendira igotzeko ohiko bideetatik kanpora “jende asko” ikusten duela dio Zuberogoitiak. “Horixe da arazoa, izkina guztietatik ibiltzen direla, alde batetik eta bestetik. Ikaragarria da”. Horrek sai zuriarengan ez ezik, inguruko fauna eta flora osoan “neurri handiko” kalteak eragin ditzake.
Erantzukizun kolektiboa
Bota ur tanta bat urez bete-beterik dagoen edalontzi batera eta gainezka egingo du. Baina azken tanta hori ote da bakarrik edalontziak gainezka egin izanaren erruduna? Zuberogoitiaren ustez, erantzukizun kolektiboan dago gakoa. “Inork ere ez du uste bere akzio puntualak arazorik sortzen duenik, baina efektu sinergiko baten parte bihurtzen da. Batek eragindako kaltea aurreko beste batek eragindakoari gehitzen zaio eta kate bat osatzen dute. Denok gara desgaste jarraitu honen eragileak”, azaldu du.
Egoera honi aurre egiteko errezetetako bat “zentzuz” jokatzea dela dio. “Mendian ibiltzeko, ohiko mendi bideak daude eta euretatik ibili behar da. Hortik irteten dugunean hasten dira arazoak. Bakoitzak gura duena egiten badu ez dugu parke naturalik izango. Denon ardura da gure aberastasuna zaintzea", argitu du.
"Toleranteegiak gara"
Gauza bat da legeak indarrean jartzea eta bete bat betearaztea. Ildo horretatik, herrialde “toleranteegiak” garela uste du Zuberogoitiak. Bere ogibideak munduko parke natural askotara eraman du: Kanadakoetara, Argentinakoetara, Costa Ricakoetara… Eta beste inon ere ez du hemengorik ikusi. “Toki horietan bide jakin batzuetatik baino ezin zaitezke joan, eta bide horietatik irteten bazara isuna ipiniko dizute. Kanadan 10.000 eurorainoko isunak ipintzen dituzte mendi bideetatik irtenez gero”. Baina, hemen, parke natural baten arrakasta bisitari kopuruaren arabera neurtzen dela salatu du: "Horri ematen zaio balioa sarritan. Baina ez luke horrela izan behar. Urkiolakoa parke natural bat da eta bertako aberastasunari eusteko bidean izandako lorpenak izan beharko lirateke neurgailurik garrantzitsuenak".
Datuak Espezie honi buruzko zenbait datu, sai zuria hobeto ezagutzeko: - 2007tik desagertzeko zorian dagoen animalia lez katalogatuta dago. - Lau bikote bizi dira Urkiolako Parke Naturalean. Guztira, zortzi sai zuri. - Hauetxek dira bikote bakoitzaren bizilekuak: Mugarra, Anboto, Atxarte eta Ipizte inguruak. - Arrautza bat edo bi erruten dituzte martxo-apiril inguruan. - Hainbat habia izan ditzakete, baina euretariko bat da nagusia, eta ahal dutela bertan biziko dira beti. - Martxotik irailera Durangaldean bizi dira. Irailean Afrikara migratzen dute, bizitzeko klima egokiago baten bila. - Migrazioan 3.000 kilometro inguru egiten dituzte 14 bat egunean. - Parkeko hainbat giza jarduera mugatuta daude espeziea babesteko. |