Sai zuria hegazti sarraskijalea da batez ere, eta Mugarrako emeak pozoinduta hildako arratoi bat jan zuen behin. Hilzorian zegoela, pertsona batek aurkitu eta abisu eman zuen. Fauna Basatiaren Bizkaiko Birgaitze Zentrora eraman zuten segituan. Han, behar zuen tratamendua eman zioten. Errekuperatu egin zen eta berriro askatu zuten bere habitatean.
Antzerako adibideak beste hegazti mota batzuetan ere izan dira. Esaterako, belatz handi bati honako hau gertatu zitzaion behin: airean zebilen drone baten hegalak hanka biak moztu zizkion. Kasu honetan, ez zuen Mugarrako sai zuriaren zortea izan eta lurrean odolostuta hil zen, Zuberogoitiak gogoratu duenez.
Sai zuriaren adina
Urkiolako Parke Naturalean bizi diren zortzi sai zurietatik bik identifikaziorako eraztunak dituzte hanketan. Mugarrako emea da euretariko bat. 2010ean ipini zioten eraztuna, eta ordurako eme heldu bat zen. Sai zuria sei urtegaz heltzen da helduarora. Beraz, adituek badakite 16 urte dituela gutxienez. Anbotoko arra da markatuta dagoen beste sai zuria. 2006an ipini zioten eraztuna, jaio zen urtean. Beraz, 14-15 urte ditu. Gainerako sai zuriei buruz seguru esan daitekeena da den-denak helduak direla.
Sai zuria gainerako sai espezieetatik erraz bereizteko modukoa da: txikiagoa da, 1,5 metro inguruko hego-zabalerakoa. Ez dauka beste saiengan hain bereizgarria den sama luzerik, eta lumaje zuriagoa du. Laranja koloreko mokoa du.
3.000 kilometro 14 egunean
Durangaldeko neguko klima ez da batere egokia sai zuriarentzat. Horregaitik, bai Urkiolako Parke Naturaleko lau bikoteek eta baita Euskal Herrian bizi diren gainerako 45-50 bikoteek ere, Afrika hegoaldera migratzen dute iraila heltzen denean. Senegalera eta antzeko herrialdeetara joaten dira. 14 bat egunean 3.000 kilometro egiten dituzte. Sai zuri guztiak ez dira hain urrun heltzen. Batzuek Extremaduran aurkitzen dituzte kondizio egokiak negua igarotzeko. Azken urteetan nabarmendu den joera horren arrazoia "aldaketa klimatikoa" dela azaldu du Zuberogoitiak. Neguak ez dira hain gogorrak orain eta behar duten janaria aurkitu dezakete. Dena dela, ez da eskualdeko saien kasua. Dauden tokian daudela, udaberria heltzen denean, martxo hasieran, sai zuriek kontrako bidea egingo dute eta Euskal Herrira bueltatuko dira arrautzak errutera eta kumeak haztera, horixe baita euren espeziearen biziraupena bermatzeko bidea.