Sandra Alonsok Valentziako Voltan lortutako garaipenak indarberritu egin du Bizkaia-Durango

Maialen Zuazubiskar 2021ko mai. 11a, 14:03

Argazkia: @setmanavalenciana

Etxeko lasterketaren atarian, Durango-Durango Laboral kutxa Emakumeen Saria, Bizkaia-Durango txirrindulari taldea indarberrituta dago. Joan zen asteburuan Valentziako Voltan Agurtzane Elorriagaren txirrindulariek maila oso onean daudela erakutsi zuten, eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuten.

Sandra Alonso bizkorrena izan zen bigarren etapako, esprintean eta talde durangarrari denboraldiko lehenengo garaipena eman zion. "Oso pozik gaude neskek Valentziako Voltan emandako mailagaz. Sandrak garaipena lortzeaz gain, laugarren postu bi lortu ditu eta gainontzeko taldekideak ere oso ondo ibili dira", adierazi du Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariak.

Valentziako lasterketan munduko talde onenetariko asko egon ziren, eta Bizkaia-Durangoko txirrindulariek lehiakorrak direla, onenen artean daudela eta garaipenaren borrokan egoteko gai direla erakutsi zuten. "Azken egunean esaterako, beste etapa garaipen bat lortzeagaz amestu genuen. Nadine Gilek hainbat kilometro egin zituen ihes eginda. Azkenean ezin izan genuen garaipena lortu baina oso pozik gaude egin genuen lanagaz. Neskak oso ondo ibili ziren eta balorazioa oso positiboa da", jarraitu du Elorriagak.

Alonsok lortutako garaipenak Bizkaia-Durangoko txirrindulariak indaberritu egin ditu eta hurrengo lasterketetarako "gogotsu eta moralez gainezka" daude. "Aurreko lasterketak ez zaizkigu batere ondo atera. Lasterketa guztietan arazoren bat izan dugu, eta horiei soluzio bat jarri asmoz aldaketatxo batzuk egin ditugu", jarraitu du zuzendariak. Egindako aldaketek Valentziako Voltan eman dute fruitua, eta datozen erronketara begira Bizkaia-Durangoko txirrindulariak "gogotsu, indartsu eta moralez gainezka" daudela aitortu du Elorriagak.

Hurrengo lasterketak
Bizkaia-Durangoko txirrindulariek lasterketaz jositako aste bi dituzte aurretik. Atzo Nafarroako Itzuliari hasiera eman zioten Zudairen, eta gaur Itzuliko azken lasterketa izango dute Iruñean. Domekan Eibarko Hiria proban egongo dira eta martitzenean Durango-Durango klasikoan egon dira talde bizkaitarreko txirrindulariak. Maiatzare 20tik 23ra bitartean, berriz, Burgosko Itzulian egongo dira. "Momentu honetan txirrindulariak maila fisiko oso onean daude eta sasoi on horretaz baliatzen ahaleginduko gara datozen lasterketa guzti hauetan. Lasterketa guzti hauetan gure onena ematen saiatuko gara, eta borroka horretan egoten saiatuko gara", bukatu du Elorriagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!