Alarma egoera indargabetu da gauerdian, eta Jaurlaritzak onartutako neurri berriak sartu dira indarrean

Anboto 2021ko mai. 9a, 11:57

Alarma egoera bertan behera gelditu da gaur gauerdian, eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak zehaztu dituen neurriak jasotzen dituen dekretua sartu da indarrean. 

Honako neurri nagusi hauek batzen ditu dekretuak:

  • MUGIKORTASUNA
    Bertan behera geratu dira itxiera perimetralak eta etxeratze aginduak. Hala ere, 23:00etatik 06:00etarako mugikortasuna mugatzea gomendatu dute.
  • BILERAK
    Lau lagun baino gehiagoko bilerak egiteko debekua bertan behera geratu da.Salbuespenak dira ostalaritza (mahai bakoitzean gehienez lau pertsona); eta kirola (gehienez sei pertsona). Hala ere, lau lagun baino gehiagoko bilerak saihestea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak.
  • OSTALARITZA
    Ostalaritza establezimenduak 22:00ak arte egon ahalko dira zabalik. Barneko edukiera %50era egongo da mugatuta, eta barran edo zutik ezingo da kontsumitu. Mahai bakoitzean gehienez lau pertsona egon ahalko dira. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.
    Bestalde, gaueko aisialdirako establezimenduetako lokalek itxita jarraituko dute. 
  • MERKATARITZA
    Ostalaritzakoek bezala, gainerako establezimenduek ere 22:00etarako itxi beharko dute, eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak ere ordu horretan eten beharko dira.
    Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimendua edukiera %40koa izango da gehienez; %60koa izango da edukiera 150 metro koaro baino gutxiago duten establezimenduen kasuan.
    Azoka txikietan, baimendutako postuen erdira mugatuko da edukiera.
  • TXOKOAK ETA GAUEKO AISIA
    Elkarte gastronomikoek, lonjek eta antzekoek itxita jarraituko dute. Baita gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek ere.
  • MUSIKA ETA AHOTS JARDUERA
    Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jarraitu beharko da.
  • KIROL INSTALAZIOAK
    Kirol instalazioen edukiera %50era egongo da mugatuta; aldageletan %35era. Kirol ekitaldietan ezingo da ikuslerik egon.
    Aire zabalean zein barnealdean kirola egiteko gehienez sei lagun elkartu ahalko dira. Eskola kirola entrenamenduetara mugatuko da, aldagelarik gabe.
    Era berean, maskara erabiltzea ezinbestekoa izango da lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan ez ezik.
  • JOKO-LOKALAK
    Joko-lokalak 22:00etan itxi beharko dute eta edukiera %50era mugatuko da.
  • KULTU-LEKUAK
    Gehieneko edukiera %35ekoa izango da. Beilatoki eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan, sei.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!