Ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du

Anboto 2021ko mai. 7a, 19:16

Zapatu gauean Espainiako Gobernuaren alarma egoera amaitzen denean, ostalaritzak eta komertzioak 22:00ak arte egon ahalko dira zabalik. Hala azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritzako Labi batzordean amaitu denean egindako agerraldian. Ekitaldi kultural eta sozialetarako ere ordutegia zabaltzea erabaki du Jaurlaritzak. Etxeratze agindua eta itxiera perimetrala bertan behera uzteko EAEko Auzitegi Gorenaren erabakia onartu du Eusko Jaurlaritzak.

Zapatutik domekara bitarteko gauerdian indargabetuko da Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren legea, eta Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik izango herritarren mugikortasuna mugatzeko. EAEko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ditu etxeratze agindua eta itxiera perimetrala. Bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua ere kendu egingo dela jakitera eman du auzitegiak. Testuinguru honetara egokitutako dekretu berria bihar argitaratuko da Urkullu lehendakariak azaldu duenez, eta domekan sartuko da indarrean.

Mugikortasunagaz lotutako debekuak bertan behera geratuta, ez dira mantenduko ostalaritzari, joko aretoei eta barnean egiten diren kirol jarduerei eragiten zien debekuak. Hala ere, barneko edukiera %50ekoa izango da, eta debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean gehienez lau pertsona egon ahalko dira eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea. Elkarte gastronomikoak, txokoak eta lonjak ez dute zabaltzerik izango. Gaueko aisialdirako establezimenduak eta lokalak ere itxita jarraituko dute. Merkataritza, kultu-leku eta kirol-instalazioetako edukiera neurriak indarrean jarraituko dute.

"Konpromiso kolektiboa" eskatu du Urkulluk

"Erantzukizun indibiduala" eta "konpromiso kolektiboa" eskatu du lehendakariak, "guztion onerako". Etxeratze aginduak eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekuak "funtsezko eragina" izan du kutsatze datuetan Urkulluren esanetan. Ildo horretan azaldu duenez, "datozen hiru asteak erabakiorrak izango dira intzidentzia-tasak ahalik eta gehien jaisteko eta txertaketa prozesua arintzeko". Kutsatze arriskua murrizteko konpromiso bikoitza eskatu dio herritargoari: "Kontziente eta borondatez,  23:00etatik 06:00ak bitartean mugikortasuna murriztea, batetik, eta, bestetik bilkurak lau lagunetara murriztea". Urkulluk nabarmendu duenez,  "ospitaleko presioa oso altua da oraindik eta ezin gara erlaxatu".

Gizarteak egindako "ahalegin handia" aitortu du lehendakariak, eta "azken ahalegin bat" egitea eskatu du. "Gu geu eta gure inguruak babesten dituzten neurriak zorroztasunez bete behar ditugu. Azken ahalegin bat egin behar dugu. Pandemiaren joera hobera doa, intzidentzia-tasa jaisten ari da eta joera horri eutsi behar diogu". Txertaketa aurreikuspenekin jarraitzen dutela esan du eta dagoeneko milio bat txerto jarri direla.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!