Durangaldeko ordezkariak Ingurumen Sailagaz batuko dira bihar, airearen kalitateari buruz jarduteko

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 5a, 13:09

Durangoko Udalak bentzeno pikoen jatorri zehatza zein den argitzeko eskatuko dio Jaurlaritzari. 

Durangaldeko airearen kalitateari buruzko gorabeherek beste pauso bat emango dute eguen honetan. Durangoko Udaleko, Iurretako Udaleko eta Mankomunitako agintariak Ingurumen Saileko ordezkariekin batuko dira Gasteizen. Durangoko Udalak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak herriko fundizio biri egindako ikerketaren "azken emaitzak" jakinaraziko ditu. Ikerlan horrek, baina, "ez ditu kontuan hartzen", Durangoko Udalaren esanetan, Tecnaliak  atzemandako "bentzenozko piko kezkagarriak". Hor legoke, Durangoko agintarien esanetan, gakoa: "Pozik" dago Eusko Jaurlaritza "lanean hasi delako", baina azpimarratu du bentzeno pikoen "foku zehatza" zein den ikertu behar dela, "neurri handi batean" horrela "konponduko" delako arazoa.

Horixe eskatuko diote, hain zuzen, Ingurumen Sailari. Bentzeno pikoen jatorri zehatza zein den argitzeko. Tecnaliak egindako txostenaren arabera, bentzeno pikoen jatorria Iurreta aldean legoke, saihesbidetik Zornotzarako eremuan.

EAJk plan berezi bat sortzeko eskatu dio gobernu taldeari

Durangoko EAJk airearen kalitateari eta mugikortasun jasangarriari buruzko plan berezi bat egiteko eskatu dio gobernu taldeari. Jeltzaleen esanetan "ezinbestekoa" da plana garatzea, "airearen kalitatea oso baldintzatzaile garrantzitsua" delako "osasun publikorako, eta "etengabeko arreta" eskatzen duelako "kutsadura mailen gainean". Plana instituzioen artean landutakoa izan beharko litzatekeela iradoki du, adibidez, Ekonomia eta Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailagaz. Bestalde, herritarrek airearen kalitateari buruzko etengabeko informazioa izan dezaten, udalaren web orrian banner bat ipintzea proposatu dute. 

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!