“Euskarazko tokiko hedabideon indargunerik garrantzitsuenetarikoa sinesgarritasuna da”

Anboto 2021ko api. 30a, 11:00

Jone Guenetxeak Tokikomeko karguan egon den lau urteotako ibilbidea errepasatu du.

Lau urteotako zein balorazio egiten duzu?
Azken lau urteotako balorazioa egiterakoan, esango nuke oso aberasgarria izan dela Tokikomen egindako lana, baina, batez ere, talde lana izan delako. Norbait egon behar da presidente kargu horretan, eta azkenengo lau urteetan niri tokatu zait.

Hemendik aurrera, Iban Arantzabal egongo da. Dena dela, horren atzean talde lana dago, eta sektoreari eta gauza askori buruz ikasteko balio izan dit.

Azken urtea gogorra izan da?
Lau urte hauetan pandemia bat sartu zaigu tartean, eta horrek asko zaildu du hedabideon lana. Horrek ere markatu du lau urteotako ibilbidea.

Eta hemendik aurrera zer? Zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Esango nuke hemendik aurrera beste ibilbide bat martxan ipiniko dela, baina hemen ere talde lana izango dela abiapuntua. Eta oraingoan ere hainbat puntu izango ditugula langai. Batez ere, indarguneak mantentzea. Euskarazko tokiko hedabideon indargunerik garrantzitsuenetarikoa sinesgarritasuna da, gure komunitateagaz dugun gertutasuna, zero kilometro horrek ematen digun gertutasuna.

Horrez gainera, orain arte egiten asmatu dugun moduan, komunikazioaren mundua sasoi berrietara egokitzea geroago eta azkarrago aldatzen ari da eta gerogo eta azkarrago egokitu behar dugu paradigma berrietara, eta, horretarako, tresnak behar dira. Horretarako dago hor Tokikom.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!