“Gaur egun nekez ikusten dut toki hedabideok gauden tokian egotea Tokikom ez balego”

Goiena 2021ko api. 30a, 11:00

Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak, urteko batzar orokorra egin zuen joan zen barikuan, Eibarren. 2020aren balorazioa egin zuten. 2021erako eta aurreragoko asmo eta helburuak ere izan zituzten hizpide. Batzar hartan gauzatu zen presidente erreleboa ere. Izan ere, azken lau urteetan Tokikomeko presidente izan den Jone Guenetxeak Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabali pasatu zion lekukoa.

Tokikomeko presidente berria zaitugu. Zer pentsatu zenuen aukera planteatu zizutenean, eta zer asmogaz hartu duzu?
Animoagaz hartu beharrean zaude kargua, eta halaxe egin dut. Momentu polita da; badago zeregina, eta ilusioz beterikoa ere bada momentua. Mundu aldakor honetan bagabiltza, zelanbait, posizionatzen, eta, alde horretatik, animoagaz eta gogotsu nago. Bestalde, administrazio kontseiluan gutariko edozein izan zitekeen presidente, egia esan. Kargua hartzen dut administrazio kontseiluaren eta batzar orokorraren ahobatezkotasunagaz, eta hori garrantzitsua da. Gura  nuke tren berean jarraitzea Tokikomeko bazkide guztiok, eta horretan ahaleginduko gara.

Kargua egoera nahikoa aldrebesean hartu duzu: 2020an COVID-19ak hankaz gora ipini zuen mundua eta 2021 honetan ere gauzak ez dira guztiz egonkortu. Tokikom bera zein puntutan dago une honetan?
Tokikom enpresa sanoa da, egonkortua, lantalde txiki baina efektibo bategaz lanean ari dena. Oso jende ona dauka eta talde giroa dago. Hori ez da leku guztietan gertatzen. Badauka bere plan estrategikoa, bere misioa zehaztuta eta adostuta. Denon artean adostutakoak dira, eta horrek ere ematen du indarra. Gainera, badaukagu norabidea ere. Alde horretatik, pozik gaude, egia esan. 2020a katramilatsua izan da. Edozein etxetarako izan den legetxe. Bada, guretzat ere bai. Tokikom osatzen duten bazkide guztientzat eta, bereziki, hedabideentzat.

Tokiko informazioaren kontsumoa izugarri igo zen iaz. Hor daude datuak. Baina, era berean, krisi ekonomikoaren ondorioak, publizitate sarreren jaitsierak... horrek guztiak ere izan zuen eragina tokiko komunikabideen jardunean. Zelan eragin zien 2020ak Tokikom osatzen duten komunikabideei?
Eragin zuzena izan zuen. Batetik, poza eragin zuen. Ze, bazen informazioa emateko garai bat, kazetaritza egiteko garai bat, eta horrek profesionalentzat ere balio du. Ze, leku batean jartzen zaitu, non jendeak ikusi, entzun eta irakurri gura zaituen. Gure webguneetako bisitak, orokorrean, Tokikomeko guztiak hartuta, %46 igo ziren. Jendea informazio gosez zegoen. Ez bakarrik Txinan zer gertatzen zen jakiteko, baizik eta norbere herrian zer gertatzen den jakiteko ere. Hori eman du Tokikomek: hainbat datugaz, grafikogaz... eta, gainera, egunero-egunero berrituta, izan aste barru edo izan aste akabera. Eta horrek lagundu du webguneetako bisiten igoeran. Hori da alde gozoa: egiten duzun horri jasotzaileak erantzuna ematen diolako. Baina badauka gazitik ere: hori egitea %30 gehiago kostatu zaigu, batez beste. Kazetaritza gastu handiagoagaz egin dugu. Eta hori pisutsua da. Lan gehiago eskatzen du. Zer ez genuen egiten grabazio bat egiteko! Pandemia horrek, hasieran oso ezezaguna zenak, demaseko denbora galera sortu zuen lan egiteko orduan. Gainera, gure kasuan, bazegoen beste kontu bat: hedabideok ezinbestekotzat izendatzen gintuzten, premia biziko ondasun. Bagenuen egiteko bat eta badaukagu: informazioa beharrizan bat da, ez eskubidea bakarrik.

Horrelako egoera batean, Tokikomen moduko talde batek zelan lagundu diezaieke bere barnean hartzen dituen kideei?
Ezinbestekoa izan da. Tokikom osatzen dugun hedabideetan denerik dago, eta denok gauza bera oinarri ezberdinetatik egiten hasiko bagina, askoz ere gehiago zailduko litzateke bakoitzaren egitekoa. Toki hedabideetako profesionalek egin duten lana ez dakit bikoitza izan den, baina askoz ere handiagoa izan dela eta malgutasun hori erakutsi dutela, bai. Goienan eta beste edozein hedabidetan berdin, izan txikiagoa edo handiagoa.

Tokikomek bateratze bat ekarri du. Pandemiaren datu-bilketagaz azalduta, esaterako: datuak jaso, azkar webguneratu eta konparatu ditugu; herriekin, gure ondoko bailaragaz, Hego Euskal Herriagaz, ahal zenean Euskal Herriagaz… eta mapa bat osatu dugu. Gure kasuan, gertuko mapa bat. Horrek du benetan garrantzia, gertuko datu horrek. Zure herriko datu horrek, baina ez irla baten moduan, Euskal Herria subjektu moduan hartuta baino. Tokikomek Euskal Herria marrazten du eta laguntzen du, erremintekin, datuen kudeaketagaz, informazioagaz… hainbat modutara. Gaur egun oso nekez ikusten dut toki hedabideok gauden tokian egotea Tokikom ez balego.

Bakoitza bere aldetik joanda…
Bai, bikoitza kostatuko litzaiguke. Debagoienean, Soraluzen, Elgoibarren, Beran, Zumaian, Durangon… edonon oinarri bat izateak asko laguntzen digu, eta hori Tokikomi eskerrak lortzen da. Batuta, askoz eta efikazia eta efizientzia handiagoagaz egiten dugu kazetaritza.

Tokikomeko kideak aipatu ditugu, eta barikuko batzar orokorraren ostean kide bi gehiago ditu: Tolosaldeko Ataria eta Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamabostekaria. Berri ona, ezta?
Oso ona, besteak beste, erakusten duelako jendeak Tokikomen egon gura duela. Zuzeneko hartu-eman horrek berezko garrantzia duelako eta ekarri handia egiten diolako hedabideari. Tolosaldeko Ataria bera Tokikomek garatutako plataformagaz ari zen lanean aspalditik, eta orain eman du saltoa bazkide izatera. Plataformaz gainera, papereko edizio sistema baterako aukera dagoelako, telebistak egiteko modua dagoelako, kudeaketa aurreratuan sartu daitekeelako gainerakoekin batera eta gainerakoengandik ikasi dezakeelako, berak erakutsi… Tokikomek berezkoa du ekarri hori, uste dudalako eman ere asko egiten duela. Etorriko dira hedabide gehiago ere, Tokikom beharrezkoa da tokiko hedabideentzat.

Zer azpimarratuko zenuke Jone Guenetxeak lau urte hauetan egin duen lanari buruz?
Jakin du Bizkaian ere eragiten, Tokikomen bitartez. Eta topatu ditu aliantzak erakundeetan. Lehen baino batuago daude, lehen baino hobeto lan egiten da. Ez bakarrik Bizkaian. Jonek oso ondo ordezkatu gaitu gainerako erakundeekin ere: Jaurlaritzagaz, Nafarroako Gobernuagaz, eta abarrekin. Datuek argi erakusten dute aurrera egin dela. Orain, kazetaritzara bildu gura ditu indarrak, eta seguru emango dituela hor ere fruituak. Horratx Anbotok atera duen elkarrizketa Sarrionandiagaz, edo Jantzari dokumentala.

Zeintzuk dira Tokikomek, bai barrura begira eta baita kanpora begira ere, dituen erronka edo eginbehar nagusiak?
Uste dut barrura begirako eginbeharreko lan handi bat eginda dagoela, adostu direlako hainbat gauza, lehen esan dudan moduan, baina oraindik ere geratuko zaigu, eta denoi dagokigu, gainera, kohesio hori. Hedabide txikienetik handienera. Nik uste dut hor badagoela lanerako esparru handi bat. Elkarri gehiago eman diezaiokegu eta elkarrengandik gehiago jaso dezakegu. Uste dut hor asmatzen badugu are eta hobeto joango direla urte hau eta hurrengoak ere.

Kanpora begira?
Markan ere eragin beharko dugu oraindik. Sinesgarritasunean pauso handiak ematen gabiltza. Kanpora begira batuta agertzea ere uste dut tokatuko zaigula talde moduan, eta hainbat informazio ematea talde horretatik abiatuta ere. Adibide gertuko bat daukagu Sarrionandiagaz. Anbotok lortu du esklusiba hori. Ondo egindako lan bati eskerrak eta lortutako konfiantzari eskerrak elkarrizketatuagaz. Elkarrizketa hori berori tokiko guztietan batera zabaltzea, seguruenik, irabazteko dagoen kontuetako bat da. Batera zabaltzeko modukoak izan daitezke Euskal Herriko edozein artistaren edo kanpotik datozen dena delako elkarrizketak. Pentsatzen dut horrelako pausoak ere ematen hasiko garela, ze tokiko aldizkaria, telebista edo webgunea ez da bakarrik toki horretakoa. Gertukoa guretzat Goazen!-eko aktore bat da gaur egun, adibidez, edo EITBko informatiboetako aurkezlea edo kirolari ezagun bat. Ez da tokikoa, baina bai gertukoa, eta hori da interesatzen zaiguna.

Etxebarri zure blogean, hedabideei begira etorkizunerako hainbat gako ematen dituzu. Aipatzen dituzu, besteak beste, harpidetza digitala, inteligentzia artifizialaren erabilera, sare sozial handien aurrean hedabideek izan behar duten eginkizuna… Horiek ikusten dituzu gako nabarmen moduan?
Bai, eta ez da nik bakarrik ikusten dudala. Mundu osoan 300 bat profesionali egindako galdeketa baten ostean ateratako ondorioak dira. New York Times, Telegraph, Financial Times, The Guardian... halako hedabide handietan, berez guretzat haiengana heltzeko zail izango liratekeen horietan agertzen diren hausnarketak dira. BBCk egindako inkesta baten dago oinarrituta. Han aipatzen da inteligentzia artifiziala. Berez, tokiko hedabide batentzat urrun geratu daitekeen hori gerturatzen digu Tokikomek. Inteligentzia artifizialaz, ez bakarrik berba egiteko; izan ere, dagoeneko bagoaz hiru urte lanean inteligentzia artifiziala oinarri duen proiektuan, eta horrek emango ditu fruituak; 2021ean ez bada, 2022an. Elkarrizketa hau berau transkribatu ahal izango da testua makina batek eginda, eta ez kazetari baten bitartez. Horrek ere lagunduko digu kazetari hori are eta garrantzitsuagoak diren gauzetan inplikatzen. Ze makinak egin lezakeena egiten egotea... Kazetariak behar du are kazetariago izan eta kazetaritzari are eta balio handiagoa eman. Nik uste dut horiek direla erronketariko batzuk. Horregaz lotuta, negozio moduan begiratu beharko dugula, zelan publizitatea jaisten ari den eta zelan harpidetza digitalei garrantzia eman beharko diegun… Hainbat gauza dira inkesta horietan agertzen direnak eta guretzat iparra direnak. Egon behar dugu antena horregaz ere, munduan zer mugitzen den ikusteko eta, moldatuta, gurera ekarri.

Tokikom, zelanbait esateko, gizartearen ekosistema baten parte da, hainbat alde dituena, eta erakunde publikoak daude hor. Herritarrak ere badaude hor, eta gainerako hedabideak ere bai; esaterako, Tokikom bera parte den euskarazko hedabide ez publikoen elkartean, Hekimen. Zer harreman dago hiru horien artean?
Herri Ekimeneko Hekimen elkartearen parte da Tokikom. Bazkide bat gehiago da. Sortzaileetarikoa. Administrazio publikoa aipatu duzu bigarren. Goienan ohituta gaude erakunde publikoekin batera jarduten. Sorreratik bertatik jabekide dituelako Debagoieneko udalak. Baina ez da ohikoena izaten hedabide batean hala izatea. Jabekide ez izanda ere, uste dut hartu-emanak gozatu egin behar direla. Bide horretan, administrazioak ere eman ditu pausoak. Hekimenek eman ditu pausoak eta guk, gure aldetik ere, gutariko bakoitzak eman ditu pausoak. Igarriko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!