“Ez da istorio bat kontatzen bakarrik, gizarte bat, bizitzeko modu bat agertzen da”

Aritz Maldonado 2021ko api. 19a, 09:00

Karmelo Uriarte Zornotzan bizi den zeanuritarrak 'Ederriko. Kontau behar dot' autobiografia idatzi du. Xabier Amurizaren laguntza izan du testua idazterako orduan. Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakaria izan da Uriarte hamabi urtean, Batz kooperatibako kidea urte askoan, eta mila saltsatako perrexila, liburuan irakurri daitekeen moduan. Durangaldeko beste bizilagun batzuek ere parte hartu dute liburuan. 

Durangoko Hitz liburudendan aurkeztuko dute liburua, apirilaren 22an, 19:00etan. Osasun neurriak beteko dira, eta, hori dela-eta, aurretik lekua hartu behar da bertara deituta (946810776).

'Ederriko. Kontau behar dot'. Zer da kontatzea behar zenuen hori?
Karmelo Uriarte: Lagun artean-eta berba egiten genuen zerbait zen, aspalditik nuen asmoa buruan bueltaka, eta halako batean idazten hasi nintzen. 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, artean hanka apurtuta nuela, Xabierregaz egon nintzen [berak jantzi behar zion txapela irabazleari], asmoa kontatu nion eta gustatu zitzaion ideia. Gero, zirriborroa pasatu nion, eta hortik hasi ginen. Idatzi ahala, mamia zegoela ikusten genuen eta elkarrizketa gehiago egiten genituen. Xabierrena bultzada garrantzitsua izan da.
Xabier Amuriza: Liburu desberdina izango zela ikusi nuen. Bazegoen materiala, baina horri forma eman behar zitzaion. Zelan dagoen ordenatuta, eta zelan dagoen kontatuta, horrek ematen dio berezitasuna. Ez da istorio bat bakarrik, gizarte bat islatzen da, bizitzeko modu bat. Detaile asko eman barik, gauza asko kontatzen dira. Oso gustura egin dudan lana izan da.
K.U.: Pertsona askok lagundu digute, ondo gogoratzen ez nituenak-eta argituz. Besteak beste, nire ama elkarrizketatu dugu. 91 urte ditu. Gero, liburua irakurtzerakoan, gustura irakurri duela aipatu digu berak ere, bere sasoiko pasarteak batez ere.

Liburua bizkaieraz idatzita dago.
K.U.: Ez nuen zalantzarik zelan kontatu gura nuen. Bizkaieraz egin gura nuen, berba egiten dudan moduan, hain zuzen ere. Arina da irakurtzeko, eta idazkerak eragina du horretan, jakina.
X.A.: Zein euskara erabili erabakitzea garrantzitsua zen. Erdibideko zerbait aukeratu genuen: bizkaiera estandarra erabili dugu gehienbat; hala ere, arratiera erabili dugu elkarrizketetarako, eta hainbat esamolde eta ahozko esalditan ere erabili dugu.

Idazkeraz gainera, kontakizunak berak ere harrapatzen zaitu.
X.A.: Pretentsinorik bakoa izan da, baina bizitza erreal bat kontatzen du, eta, hortaz, entzunagaitik edo bizi izanagaitik, liburuak tiratu egiten zaitu. Bizitza erreal bat da eta horrek harrapatu egiten zaitu. Ez dira pertsonak bakarrik agertzen, pertsonaiak dira. Funtsean, bizitzaren tirakada du liburuak.
K.U.: Liburuak harrera ona izan du. Horixe esan digute irakurri dutenek, hasi eta amaitu egin dutela.

Xabier Amuriza bera eta Kristina Mardaras iurretarra erreferentziatzat aipatzen dituzu liburuan.
K.U.:
Eredutzat dudan hainbat lagun aipatzen dut liburuan. Xabierrena argi dago. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko garaietatik dator asko, baina mutikotatik ere bai. Nuen adinagaz, niretzat oso inpaktantea zen Xabierren irudia, sotanagaz eta bertsotan. Bertsolaritzagaz hartu-emanean sakondu dugu. Eta hor murgilduta, beste pertsonaia batzuk ere agertu dira liburuan. Kristina Mardaras, esate baterako, bertsolaria izandakoa eta txapelketara aurkeztutako lehenengo emakumeetarikoa. Bere jokaera eta hurbiltasuna nabarmentzekoak dira, eta ekarpen handia egin du. Justo Alberdi bere senarra ere agertzen da, hain justu ere nire emazte Maiteren euskara irakaslea izan zelako. Ondoan eduki izan ditudanak ere aipatu ditut, bizitzan asko markatu nautenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!