Manttale taldeko korrikalariak, erreleboka, Oier Ariznabarreta baino gehiago izan dira Berako maratoi erdian

Anboto 2021ko api. 11a, 18:50
Manttaleko korrikalariak Oier Ariznabarretarekin.

Pandemiak ohiko lasterketa antolatzea eragotzi duenez, erronka bitxi bezain erakargarri bat antolatu dute. Azken sei aldiak irabazi dituen Oier Ariznabarretak bera bakarrik burutu ditu maratoi erdiko 21 kilometroak. Manttale taldeko korrikalariak, aldiz, erreleboka aritu dira.

Nafarroako taldea izan da irabazlea gaur goizean lehiatu den erronkan. Manttaleko 21 lasterkariek maratoi erdia 1:45:46-eko denboran bukatu dute eta Oier Ariznabarretak, berriz, 1:47:11-ko denboran.

Eguraldi euritsu, hotz eta haizetsuari aurre egin behar izan diote parte hartzaileek. Ibilbidearen punturik altuenean, Larunen, elur apur bat ere izan dute. Oierrek berak helmugan azaldu duenez Larungo igoeran "hotz asko" pasatu du, nahiz eta erronkarekin "oso pozik" geratu den, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez.

Erronka honetarako Oier Ariznabarreta aukeratu izana ez da kasualitatea. Korrikalari durangarrak Berako maratoi erdiko azken sei edizioak irabazi ditu eta berea da markarik onena: 1:37:30.

Manttaleren taldea harrobiko gazte eta beteranoez osatuta zegoen, emakumeekin zein gizonekin.

"Oierri eskerrak eman nahi dizkiogu erronka onartzeagatik eta betidanik lasterketa, Manttale eta Berarekiko erakutsi duen maitasunarengatik. Gaur bertan, erronka bukatzean, datorren urtean Berako Mendi Maratoi Erdian parte hartuko duela iragarri du, izan ere 2022an lasterketa ospatu ahal izatea espero dugu pandemia dela eta bi urteko geldialdiaren ondoren", azaldu dute antolatzaileek.

Lasterketa hasi den unea. Ezkerrean Oier Ariznabarreta eta eskuman Gwendal  Larqué, Manttale taldeko lehenengo korrikalaria.

 

Helmugara heldu diren unea:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!