Iurreta eta Zornotza lotuko dituen 7,5 kilometroko bidegorria egiteko lanak udazkenean hasiko dira

Anboto 2021ko mar. 30a, 14:24
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapeneko foru diputatua, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkate eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiak udazkenean hasi gura ditu Zornotza eta Iurreta lotuko dituen 7,5 kilometroko bidegorriaren lanak, eta 2023ko urte hasieran erabiltzeko moduan egotea aurreikusi dute. Unai Rementeria ahaldun nagusiak azaldu duenez, lanek 12,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta gauzatu ahal izateko 15 hilabete beharko dituzte.

AP-8 autobidearen albotik joango da bidegorria, motordun trafikotik erabat bereizita, eta N-634 errepidearen "benetako alternatiba" izango dela nabarmendu du Bizkaiko ahaldun nagusiak. Unai Rementeriak gaineratu du "ahalmen handiko" bidegorri hori Bredako Unibertsitateko adituekin batera egindako lanaren emaitza dela, eta Tourrak babestuko duela iragarri du. 

Zornotza eta Iurretako herriguneak batuko ditu eta herri bietako lau industriguneekin lotuta egongo da, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak gogoratu duenez. Zornotzako Zubieta industrigunearen eta Lauaxeta Ikastolaren ondotik hasiko da eta AP-8 autobidearen ondotik igaroko da —Dudeako San Migel, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoetatik—, Mallabiena industrigunera heldu arte. Bi muturretan bidegorri berriak lehendik zeudenekin bat egingo du.

Iurreta eta Zornotzako alkateek azpiegitura "beharrezkoa" dela nabarmendu dute eta herri bientzat duen garrantzia nabarmendu dute. Bai Iurretak bai Zornotzak dituzten azpiegiturak osatzeko duen garrantzia gaineratu dute. 

Bidegorriak 6,65 metroko zabalera erabilgarria izango du

Pradalesek azaldu duenez, "mugikortasuna eta iraunkortasun jasangarria kontutan hartu dituen azpiegitura baten aurrean gaude. Segurua, erosoa eta ondo konektatuta dagoen bidegorri berritzailea da". Zehaztu du 6,65 metroko zabalera hartuko duela, oinezkoentzako 1,80 metroko ibilbidea ere batuko baitu. Bizikletentzako bideak 3,80 metroko zabalera izango du. Pradalesek gogoratu duenez, Bizkaian, zortzi kilometro baino gutxiagoko 685.000 desplazamendu egiten dira, egunero, ibilgailu pribatuan. Bada desplazamendu horiek %20 jaistea du helburu Foru Aldundiak. Horretarako "funtsezko tresna" da Durangaldean egingo den bidegorria.

AP-8 autobidearen inpaktu bisual eta akustikotik isolatze aldera, pantaila isolatzaileak jarriko drela iragarri dute foru arduradunek eta eguzki-plakaz hornitutako 245 eguzki-led argi erabiliko dira ibilbide guztia argiztatzeko. Erepideekiko bidegurutzeetan, azpiko pasabide bat eta hiru pasabide goratu egingo direla ere gaineratu dute.

Iurretan, bidegorrien sarearekin lotzeko, bi elikagailu eraikiko dira, Akiñenan eta Arandian, eta bizikletentzako errei bat jarriko da lehendik dauden bideetan. Halaber, Akiñenan plataforma bat eraikiko da oinezkoek N-634 errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko. Pasabide honek ia 7 metrotan zeharkatuko du bidea, eta 17 metroko luzera izango du. Bi muturretan, pasabide horretara eskaileretatik eta igogailuz iritsi ahal izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!