Artedramaren 'Atzerrian lurra garratz' Arriolan eskainiko dute, asteburuan

Anboto 2021ko mar. 25a, 19:00

Barikuan eskainiko dute antzezlana, 19:00etan Arriolan; apirilaren 16an, Zornotzan eskainiko dute

Euskal Herrian etorkin izandako kolonbiarraren bizipenetatik abiatzen da Atzerrian lurra garratz antzezlana. Hain zuzen ere, Kolonbiakoa da Aurora Mora protagonista [Laura Penagosek antzeztua]. Kolonbia eta familia atzean utzi, eta Euskal Herrira dator Aurora; atzera sorterrira bueltatu barik, joan ala ez erabaki beharko du hilberri zaion ama ehorztera. Morari Nayeli amona agertuko zaio hildakoen erresumatik; Muiska komunitate indigenako kidea zen amona, eta txibtxa hizkuntzan mintzatuko zaio Aurorari. Herria utzi zuenetik, bera ere ez zen itzuli hara. Penagos aktoreaz gainera, Ander Lipus antzerkilariak igoko du oholtza gainera; Lipus hainbat pertsonaiaren azalean sartuko da: Kepa Auroraren mutil-lagun euskaldunarenean, Euxebio Keparen aita alzheimerdunarenean, eta Auroraren ahizparen, amaren eta Nayeli amonaren azalean ere. Amancay Gaztañagak zuzendu du obra. Miren Amuriza bertsolari berriztarrak idazketagaz lagundu du.

Aurora Moraren moduan, Laura Penagos ere kolonbiarra da. Euskaraz antzeztuko duen lehenengo obra du Atzerrian lurra garratz.

Artedrama eta Huts konpainien lan berria otsailean estreinatu zuten, eta ordutik Berrizko Kultur Etxetik eta Durangoko San Agustin kulturgunetik igaro da. Apirilaren 16an Zornotza Aretoan eskainiko dute emanaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!