Stop Bide Indarkeriari elkarteak argazki lehiaketa abiatu du, garraiobide seguruago eta garbiagoak sustatzeko helburuz

Joseba Derteano 2021ko mar. 22a, 12:03

Jasotako 12 argazkirik onenekin erakusketa ibiltari bat antolatuko dute.

Bide Indarkeriari Stop elkarteak 'Ikusi eta ikasi' izeneko argazki lehiaketa abiatu du. Bide-segurtasunari buruz hausnarketa gizartera zabaltzea eta kontzientziazioan eragitea dira helburuak. Horrekin batera, garraiobide ohituren aldaketan ere eragin gura dute eta, hain zuzen, horixe da argazkiak ateratzeko gaia: "Garraiobide seguruagoak, garbiagoak eta energetikoki eraginkorragoak lortzeko aldaketa bultzatzen duten argazkiak dira gaia, ingurumen-jasangarritasunerantz aurrera egiteko eta bizimodu osasungarriagoak eta aktiboagoak sustatzeko", zehaztu dute elkartetik ohar baten bidez.

16 urtetik gorako denek parte hartu dezakete. Parte hartzaile bakoitzak gehienez argazki bi aurkeztu ahalko ditu eta apirilaren 15a da horretarako azken eguna. Argazki bakoitzarekin batera, mugikortasun seguru eta jasangarriaren arloko mezu bat helarazten duen izenburu bat jarri behar da.

Argazkiak, izenburua jarrita dutelarik, honako helbide elektronikora bidali behar dira: stopbideindarkeria@stopviolenciavial.eus. Bertan, egilearen datuak agertu beharko dira: izena, bi abizen, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta NANa.

Sariak

Hiru argazkirik onenak sarituko dituzte. Honako hauek izango dira sariak:

- Irabazlea: ordenagailu eramangarria (600 euro) eta 100 euro garraio publikoko bonoetan.

- Bigarrena: bizikleta tolesgarria (400 euro) eta 100 euro garraio publikoko bonoetan.

- Hirugarrena: kirol-arropa ekipatzeko bonoa (200 euro) eta 100 euro garraio publikoko bonoetan.

- Gainerako finalistentzat: 50 euro garraio publikoko bonoetan.

Lehiaketako oinarri guztiak LOTURA HONETAN ikusi daitezke.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!