“Elkartearen helburua gizartea heztea da, istripu asko saihestu daitezkeela jakinaraztea”

J.D./M.Z. 2020ko aza. 3a, 08:34

Stop Accidentes (Istripuak Stop) utzi eta proiektu berri bateko gidari jarri da Rosa Trinidad durangarra: Bideko Indarkeriari Stop. Elkartearen helburu nagusia biktimak erdigune izatea da.

Zerk bultzatu zaituzte beste plataforma bat sortzera?
Euskadin modu autonomoan jokatu dugu beti eta ikusi dugu gai garela gure kabuz aurrera egiteko. Gainera, modu honetan aritzeak askatasun gehiago emango digula uste dugulako hartu dugu erabakia.

Zeintzuk dira elkarte berri honen helburuak?
Helburu asko ditugu, baina elkartearen helburu nagusienetarikoa gizartea heztea da, gizarteari jakinaraztea istripu asko saihestu egin daitezkeela. Horrez gainera, biktimen beharrizanak jaso eta horiek erantzukizunak dituztenei helaraztea ere bada gure helburua; hau da, gizartearen eta erakundeen bitartekari izatea.

Zergaitik izen hori, Bideko Indarkeriari Stop?
Beti esan izan dut istripu baten kontra ezin dugula borroka egin, ez dakigulako noiz edo non gertatuko den. Zoritxarrez, hemendik aurrera ere gertatuko dira istripuak, baina bideko indarkeriari amaiera eman dakioke, hori saihestu daiteke. Abiadura handian gidatzea ekidin daiteke eta alkohola edo drogak kontsumitu eta gero gidatzea saihestu behar da. Baita gidatzen gauden bitartean mugikorrari begiratzea ere. Horren guztiaren kontra borrokatu gaitezke, eta borroka egin behar dugu. Bideko indarkeriaren kontra 0 hildako eskatu behar ditugu. Nik sinisten dut horrela izan behar dela eta lortu daitekeela. Baina argi dut jendea kontzientziatzea beharrezkoa dela horretarako. Argi izan behar dugu gidatzea erantzukizun handiko ekintza dela; orduan, gidatzeari ehuneko ehun eskaini ezin badiozu, ba, ez gidatu. 

Pertsonalki denbora asko daramat izen hau ipintzeko borrokan. Errealistak izan behar dugu, eta ezinezkoa da gure errepideetan istripurik edo hildakorik ez egotea. Baina kausa honengaitik borroka egitea guztiz errealista da. Erraz esaten da pertsona bat istripuan hil dela. Baina betirako galdu den bizi bat da. Familia bat betirako hondatuta geratuko da. Eta zergaitik? Pertsona batek horrela gidatzea erabaki zuelako. Eta hori ezin daiteke onartu. Beraz, jendea kontzientziatu gura dugu, eta behin hori eginda, pertsona batek arauak bete gura ez baditu, zigortu egin beharko dugu.

Momentu honetan ez da zigortzen?
Ez, momentu honetan zigorrak oso arinak dira, eta, gainera, justizia oso motel doa. Askotan uste dut epaile batzuk ez direla familien lekuan ipintzen. Momentu honetan, norbait hiltzeak oso merke irteten du. Gure ustez, zigorrak handitzea ezinbestekoa da. Hala ere, araua hautsi duena gizarteratu egin daitekeela ere sinesten dugu; zigortu egin behar dira, baina horregaz soilik ez da ezer lortzen.

Orain arte zuen oinarririk garrantzitsuenetariko bat kontzientziazioa izan da. Hemendik aurrera ere horretan arituko zarete?
Heziketa da guztiaren oinarria. Urteak daramatzagu Durangon bide hezkuntzako ikastaroak ematen, eta datorren kurtsorako ere gure elkarte berriari eman diote ardura hori. Guretzat umeak heztea oso polita da, etorkizunean inbertitzen gabiltza, eta oso esperientzia ona izan dugu: jolastuz ikasten dute, eta ez dute ahazten ikasitakoa. Gazteen artean gutxieneko kontzientzia badagoela nabaritzen da, beste belaunaldi batzuetako gazteena baino handiagoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!