“Hasieran, lotsagaitik-edo, siku samar aritu ginen esatari lanetan, baina bigarren partidurako soltatu, eta gustura ibili ginen”

Joseba Derteano 2021ko mar. 6a, 10:25
Argazkia: Pedro Moreno

Durango Rugby Taldeak bere partiduak zuzenean ematea ez da nobebadea, baina joan zen astean ukitu berezi bat eman zioten: euren youtube kanalean egindako streaming-ak esatari bi izan zituen: Iñigo Beitia eta Eneko Aretxaga. Beitiak aurten utzi du taldea, Donostian ikasten dabilelako. Aretxaga DRTko jokalaria da, baina lesionatuta dago. Horrela, baloia mikrofono batengaitik ordezkatu zuten joan zen asteburuan. Beitiak erantzun die ANBOTOko galderei. 

Zelan heldu zitzaizun esatari izateko proposamena?
DRTren partiduak zuzenean ematearen kontua orain lau bat urte sortu zen. Orduan, gizonen talde nagusia Ohorezko B Mailan zebilen eta federazioak talde guztiak partiduak streaming bidez ematera behartzen zituen. Klubetik laguntza eskatu zuten hori aurrera eramateko, eta boluntario aurkeztu nintzen. Pedro Morenok partiduak grabatzen zituen eta bageneukan kamera. Arlo teknikoa bideratzea zen kontua eta horretan ibili ginen. Baina orduan ez zegoen esataririk. Orain bi-hiru aste, klubeko Aratz Gallastegik ea esatari lanak egitera animatuko nintzen esan zidan. Seguruenik DRTren partiduak ikustera joango nintzela esan nion, eta behin hara joanda laguntzeko prest nengoela. Horrela sortu zen.

Teknikoki gatx da horrelako zerbait aurrera eramatea? 
Soinuagaz eta bestelako gauza batzuekin laguntzeko, horretan aditua den David Maezturen laguntza izan genuen. Pedro Morenoren lana ere goraipatu gura dut. Berak partiduak kameran ematen dituelako egin dezakegu hau guzti hau. Bestela, ezinezkoa litzateke.

Egin duzu inoiz esatari lanik?
Ez, joan zen asteburura arte sekula ere ez. Ez dut inoiz ezer  ere komentatu, ez euskaraz ez gaztelaniaz.

Ez zinen bakarrik aritu.
Ez, Eneko Aretxaga eta biok ibili ginen. Bera DRTko jokalaria da, baina orkatileko lesioa dauka. Hor ibili ginen biok.

Zelan joan zen emankizuna? 
Partidu bi eman eta komentatu genituen. Senior mailako partidu biak: emakumeena eta gizonena. Egia esanda, lehenengo partiduan, lotsagatik edo, siku samar egon ginen, baina bigarrenerako soltatu ginen eta gustura aritu ginela esango nuke.

Aurretik, egin zenuten prestaketa lanik? Taldeen datuak eta estatistikak begiratuz… 
Ez, inprosibatua izan zen. Partiduaren aurretik taldeen hamaikakoak pasatu zizkiguten eta horregaz nahikoa izan zen. Azkenean, talde biak barrutik ezagutzen ditugu.

Partiduan gertatzen dena kontatzera mugatu zineten ala iritzia ere ematen zenuten? 
Bietatik apur bat. Lehenengo partiduan gauza teknikoak ere azaldu gura genituen. Errugbiaren araudia zabala da eta, batzuetan, ulertzeko ez hain erraza. Beraz, horrelako gauzak ondo azaltzea gura genuen, meleak zeudenean eta abar. Bigarren partiduan, konfiantza hartuta, balorazio batzuk egin genituen, baina ez askorik ere.

Partiduak hasi aurretik, esan zizuen inork "ni ez kritikatu, e?" edo antzerako bromarik? 
Ba, ez (barreak). Baina jokalari batek esan zigun entsegu bat lortzen bazuen guri eskainiko zigula. Eta entsegu bat egin zuen, baina eskaintzea ahaztu zitzaion.

Zuen bion artean ondo konpondu zineten? 
Baietz esango nuke. Hasieratik argi geneukan bion arteko solasaldiak arina izan behar zuela eta txandaka egin behar genuela emankizuna eramangarri egiteko.

Taldekideek zer esan dizuete ostean? 
Beti egoten dira bromak. Zuzenean geunden bitartean, iaz emakumeen taldean egon zen jokalari batek idatzi zigun. Ikusten zegoela esan zigun, eta animatu egin gintuen. Horrelako gauzak eskertzekoak dira.   

Zer egin zitzaizuen gatxena?
Orain, distantziatik eta patxada gehiagoz begiratuta, irudipena dut berdinak ziren gauza batzuk gehiegitan errepikatu genituela. Baina, tira, lehenengo aldia zen guretzat eta ikasteko balioko digu.

Prest zaudete hurrengo batean ere esatari lana egiteko?
Bai, taldetxo bat sortzea da asmoa. Ni neu prest nago, edozertarako. Laguntzeko balio badu, aurrera!

Donostian ikasten duzu eta Zarautzen bizi zara. Hango talderen batean errugbian jokatzen zabiltza?
Ez, egoera zelan dagoen ikusita ez aritzea erabaki dut. Durangon ere batzuetan entrenatzen nintzen, eta beste batzuetan ez, intzidentzia tasaren arabera. Beraz, aurten ez aritzea erabaki dut.

Zuzeneko kirol emankizunak, apurka gora doan joera

Eskualdean, geroago eta kirol klub gehiagok zuzenean eskaintzen dituzte euren partiduak, sare sozialek eta plataformek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuta. Gora doan joera bat da. Gainera, harmailak itxita dauden edo edukiera mugatua duten sasoi honetan, zaleengana heltzeko modu egokia da.

Geroago eta ezagunagoa den Twitch izeneko plataformak erraztasunak ematen ditu zuzenekoak egiteko, eta Elorrio Kirol Klubak bertako cd_elorrio kontutik ematen ditu Euskal Ligan jokatzen duen emakumeen taldearen partiduak.

Youtube eta sare sozialak
Areto futbolean, Elorrioko Buskantzak bere Instagram kontua (Elorrioko Kuskantza FKE) darabil partiduak zuzenean emateko. Maila berean jokatzen duen Sasikoa klubak beste hainbeste egiten du 'Club Deportivo Sasikoa' izeneko youtube kanalean nagusien partiduekin.

Durangoko Ibaizabal Eskubaloi Taldeak ere emakumeen talde nagusiaren partiduak zuzenean eskaini gura ditu, baina, horretarako, 1.000 jarraitzaile behar dituzte youtube kanalean. Honako hau da kanalaren izena: Ibaizabal Eskubaloia Durango.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!