Bilboko portutik Alacantera (Herrialde Katalanak), handik Aljeriako Oran hirira, eta azkenik Tindufeko kanpalekura. 24.934 kilo elikagai eta higiene produktu batuta, martxan dago aurtengo Karabana Solidarioa. Rio de Oro elkarteak jakinarazi duenez honako laguntza hau ipiniko dute sahararren eskuetan: arroza (5.867 kilo), pasta (11.764), lekaleak (3.703) atuna eta olioa (450), azukrea (1.500), konpresak (450), pixoihalak (700) eta arropa (500).
Aurtengoa kanpaina berezia izan da, ohiko janari-bilketa barik, diru-bilketa bultzatu duelako elkarteak. Herritarren ekarpen ekonomikoekin 11.933 euro batu dituzte. Durangaldeko udalei, ikastetxeei eta instituzioei eskerrak, beste 26.279 euro, eta, egon da 1.500 euroko dohaintza pribatua egin duenik ere. Batutako 39.713 euro horiekin finantzatu dituzte elikagaiak eta higiene produktuak. Durangaldeko karabanagaz batera beste bi trailer bidali dituzte Tindufera. Bestalde, 4x4 ibilgailu bat ere eramango dute bertara, hango umeei eskoletako joan-etorrietan laguntzeko.
Aurreikuspenak gaindituta
Rio de Oro elkarteko kideak "oso pozik" daude Karabana Solidarioak izandako erantzunagaz. "Aurreikusitako helburu guztiak gainditu dira eta lortutako emaitzak uste baino hobeak izan dira. Bilketa kanpaina oso arrakatatsua izan da eta beste behin ere frogatuta gelditu da Euskal Herriak Saharako herriaren alde duen elkartasuna", azaldu du Rio de Orok. Elkarteak Durangaldeko herritarrei eskatu die orain arte bezala, Sahararren kausaren alde egoten jarraitzea.