Rio de Oro elkarteak Saharako errefuxiatuei laguntzeko "hil ala biziko" kanpaina hasi du

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 1a, 19:05
Iazko Karabana Solidarioaren irudi bat.

Errefuxiatutako sahararrei laguntzeko Karabana Solidarioa martxan dago. Aurten, izurria dela-eta elikagaiak batu barik, dirua batuko dute. Dena dela, Rio de Orok aurreratu du diru guztia Tindufeko errefuxiatuentzat elikagaiak erostera bideratuko dela. Kanpainak esangura handia du, berriki gerra berpiztu delako Fronte Polisarioaren eta Marokoren artean. Dohaintzak egiteko epea hilaren 12ra arte dago zabalik.

Durangoko Rio de Oro elkarteak sahararren aldeko Karabana Solidarioa betetzeari ekin dio, eta Durangaldeko herritarrei dei egin die ekarpenak egitera. Orain arte elikagaiak batu izan dituzte urtero-urtero, baina, aurten, izurria dela-eta, ekarpenak dirutan jasotzea erabaki dute. "Ezingo gara inguruko supermerkatuetara bertaratu, eta horrenbestez, diru-funtsak jasotzeko kanpaina bat abian jartzea otu zaigu. Jasotako funts guztiak (%100), noski, jakiak erosteko eta Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko baliatuko dira", azaldu du elkarteak.

Mendebaldeko Saharan hautsak harrotu dira azken egunetan. Fronte Polisarioaren eta Marokoren artean gerra piztu da berriro. Testuinguru horregaitik, aurtengo kanpainak esangura berezia hartzen du. Rio de Orok azaldu duenez, "larriagotu" egin da lehenagotik ere larria zen egoera. "Hil ala biziko" kanpaina dela adierazi du. Ekarpenak egiteko epea hilaren 12ra arte dago zabalik.

Bizum edo transferentzia
Ekarpen ekonomikoa egin dura duenak bi aukera ditu. Bizum bitartez dirua bidaltzea edo ohiko banku-transferentzia bat egitea. Lehenengoaren kasuan honakoa egin behar da: Bizum aplikaziora sartu eta sakatu "eman" botoia. Segidan bilatu Rio de Oro elkartea (01955 kodea) eta eman dirua dohaintzan. Transferentzia egitea gurago duenak Rio de Oro elkartearen kontu korrontean intsuldatu dezake dirua. (ES90 3035 0129 11 1290034483).

4,8 edo 12 euro
Elkarteak jakinarazi du hiru ekarpen mota daudela. Lau eurogaz pasta, azukre, lekale eta arroz kilo bana erosiko dute. Zortzigaz, olioa eta konpresa pakete bat batuko diote lehen aipatutakoari. Hamabigaz, hiru atun lata eta sardina lata bat txertatuko diote aurreko guztiari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!