“Orain kontzertua entzutera doa gehiago jendea, gozatzera”

Aitziber Basauri 2021ko ots. 7a, 10:20

"Bihotzak ere badu bere musika, eta hori amaitzean dena amaitu da". Halaxe dio urteetan Elorrion bizi den Iñigo Gorrotxategi 'Mojo' durangarrak. Badu zaletasun berezi bat: zuzeneko kontzertuak grabatzen ditu, laguna zuen Segun Lazkanok izendatutako 'Soinudun patera' soinean duela. Musikazale amorratua izanik, edozein musika entzuteko prest dago; reggaetoia ere bai, baina abesti bat bakarrik.

Herriko kontzertuetan jarraitzaile leiala zarela entzun dugu.
Ahalegintzen naiz! Baina ezin naiz denetara heldu. Azken urtean ez dut irteteko aukera askorik izan, pandemiaren eraginez. Bada, herrian bertan izan diren kontzertuetara joan naiz ahal izan dudanean. Bat bera ere ez dudala galdu esango nuke!

Noiz hasi zinen kontzertuak grabatzen? Zerk bultzatuta?
Lehenengoa 16 urte nituela grabatu nuen, nahikoa era kaskarrean. Bihotzeko taldea nuen Errobik eta Bloque eta Zimel taldeek jo zuten Durangoko Maristetako frontoian. Bozgorailuaren ondoan ipini nuen etxeko irrati-kaseta. Desastre itzela izan zen! (barrez). Gerora, Itoizen kontzertu bat grabatu nuen. Agur esan aurretik, taldeak kontzertu bat eskaini zuen Euskal Herriko herrialde bakoitzean, 1988an. Oñatikoan (Gipuzkoan) egon ginen eta grabatu egin nuen, walkman bategaz. Beti erakarri nau zuzenekoetan sortzen den giroak: eszenatokian dagoenak eta horrek jendartean sortzen duen erantzunak batez ere.

Mikrofonoa erabili zenuen geroago.
Bai. Mikrofonoa eta premiazko aparatuak motxilan sartu, eta Non Demontre eta Iraoren kontzertuak grabatu nituen. Ordurako, Txantxibiri irrati librean hasita nengoen, eta herrian gertatzen zena grabatzea merezi zuela pentsatu nuen: txistulariak, bertsolariak, jaietako kale giroa... gero irratian aireratzeko. 2002an minidisc bat erosi nuen eta kalitatea dezente hobetu nuen. Orain txartel batean grabatzen ditut kontzertuak, grabagailu eramangarriagaz.

Grabazioak digitalizatzeko lanetan sartuta zaude azken urte eta erdian.
Soinu artxibategi polit bat osatu gura dut, lan horregaz gozatu; eta Arriolan utzi, kontzerturik gehienak Arriolak antolaturikoak izan dira eta. Jazz Blues jaialdiak 31 urte egin ditu, adibidez. Hainbat talde etorri da, eta deneriko musika eskaini dute.

Zenbat kontzertu dituzu artxibatuta? Musikazale amorratua zaren aldetik, zuzenekoen falta igarri duzu?
Ez dakit esaten, 200 bat. 2020koa  ere uzta ederra izan delakoan nago. Urte hasieran hainbat kontzertu grabatu nuen Ateneon. Musikaire ere izan dugu, eta Arriolako Jazz Blues Jaialdia, beste era batera. Igartzekotan, Ateneoko hileroko kontzertuen falta igarri dut. Hori bai, musikoekiko portaeran igarri dut aldaketa.

Zer dela eta?
Kontzertuetara sozializatzera joan izan da jendea; kontzertuak iraun arteko lagunarteko elkarrizketak izatera. Inoiz tokatu zait bikote bat eztabaidan justu mikrofonopean, kontzertu osoan! Orain, kontzertua entzutera doa gehiago jendea, gozatzera. Maskararik bako kontzertuetara bueltatzen garenean, berdin aprobetxatzea espero dut. Kontzertu bakoitza bakarra delako, errepikaezina.

Bereziki gogoan duzun kontzertua?
Bakoitzak bere istorioa du atzean, baina badut bat oso kutuna, grabazioa oso ona ez den arren: Wilko Johnson Elorrion egon zenekoa. Beragaz berba egiteko aukera ere izan genuen. Oso tipo jatorra. 

Binilo zalea zara.
Bai. 800 bat binilo ditut. Biniloa entzuteko, propio prestatu behar zara. Badago halako erritu bat. Eta azalak artelan zainduak dira. Gainera, gaur egun, askok ez daki nor den abestiaren egilea, nortzuk diren taldekideak...

Abesti bat?
Hegazti errariak (Mikel Laboa).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!