Zapatuan mobilizazioak egingo dituzte, AHTrako den dirua beharrizan sozialetarako erabili dadin eskatzeko

Maialen Zuazubiskar 2020ko abe. 10a, 09:42

Artxiboko irudia

Abenduaren 12ko zapatuan mobilizazioak egingo dituzte, Abadiñon Txanportan eta Atxondon herriko plazan, 12:00etan.

Abenduaren 12an, zapatua, mobilizazioa egingo dute Zelaietako Txanporta plazan, 12:00etan, AHTrako den dirua beharrizan sozialetarako izan dadin eskatzeko. "Elefante txuria azpiegitura ezbeharrezkoen eta ezdeusen nazioarteko ikurra da. Gure artean, AHTa da elefante txuririk handiena. Beraz, elkarretaratzeak egingo ditugu elefante txuririk ez dugula behar adierazteko", azaldu dute antolatzaileek. Bestalde, hemendik aurrera, hileko hirugarren domekan elkarretaratzeak egingo dituzte Abadiñon, Txanporta plazan, 12:00etan, eta informazio postuak ere ipiniko dituzte.

Zapatuan Txanporta plazan egingo dutena ez da elkarretaratze bakarra izango. Atxondon ere kontzentraziora deitu dute. Egun eta ordu berean izango da, abenduaren 12an, 12:00etan, herriko plazan. Horrez gainera, eskualdeko herritarrak informatuta izateko asmoz, AHTaren kontrako plataformak eskuorriak kaleratuko ditu hiru hilerik behin. Bertan, azken orduko berriak eta kaltetuen adierazpenak jasoko dituzte, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!