#0km

Ostalaritza zarratzeak domino efektua ekarri die eskualdeko herriburuetako dendei; Durangokoei eta Zornotzakoei batez ere

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 15a, 10:30

Bata bestearen atzean zutunik ipinitako domino fitxak jausten diren moduan, ostalaritza ixteak dendarien egoera kaltetu du. "Bai, igartzen dugu domino efektua. Eta ez kalean jende gutxiago dabilelako bakarrik, baita ostalaritza itxi delako ere. Kontuan hartu behar dugu ostalariak dendari askoren bezero eta hornitzaile direla", azaldu du Alex Palaciosek, Durangoko Dendak Bai elkarteko presidenteak.

Zornotzan ere, antzekoa gertatu litekeela aurreikusi du Dendariak elkarteko Asier Madariaga teknikariak. "Egun gutxi daramatzagu neurri berriekin eta oraindik goiz da ondorioak ikusteko. Baina tabernen itxierak, dendetan jende gutxiago ibiltzea ekarriko du, ziur aski". Alde horretatik, Madariagak azken boladan martxan ipinitako bonu-kanpainak ipini ditu komertzio txikia indartzeko irtenbide modura: "Azaroa hilabete zaila izaten da beti eta aurtengo azaroa beharbada, gehiago. Baina espero dugu bai Amorebonoen kanpainarekin eta bai Eusko Jaurlaritzak kaleratu dituen bonodendekin jende gehiago animatzea etxetik irtetzeko eta herrian erosteko".

Itxialdi perimetralak
Ostalaritza zarratzearen kolpeari, baina, bigarren kolpe bat gehitu behar zaio. Itxialdi perimetralarena. Izan ere, norbere herritik ezin irtete horrek ere isla izan dezake eskualdeko herriburuetako denden salmentetan. Durangon, behintzat, baieztatu dute kalte hori. "Jaitsiera hori ere asko igarri da. Badira Durangorekin mugakideak ez diren hainbat herri. Elorrio, Zaldibar, Lekeitio, Markina-Xemein, Ermua. Hangoek ez dute hona etortzerik. Bai, tira, ezinbestekoak diren zerbitzu batzuetara hona etorri daitezke beharbada, baina jaitsiera asko igarri da", azaldu du Palaciosek. Dendariak elkarteko Madariagaren arabera, kontrako efektua gertatu da Zornotzan. Zantzu batzuk, behintzat, igarri dituzte. "Zornotzako jende askok inguruko herrietan lan egiten du eta herritik kanpo egin ohi ditu erosketak. Herriak ixteak gastuaren ihes kezkagarri hori saihestu du nolabait", azaldu du. 

Dendak Bai, goraka
Koronabirusak denda txikiei ekarritako kalteak beste adierazle bat utzi du. Urtea hasi zenetik 19 bazkide berri gehitu ditu Dendak Baik. 174 dira guztira. Txikiek, elkarrekin batzeko joera hartu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!