Durangaldeko alkateak eta Amankomunazgoko presidentea Osasun Sailagaz batu dira gaur

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 9a, 14:12

Durangaldeko osasun egoera aztertzeko eta neurri berririk hartu beharko ote litzatekeen ebaluatzeko batu dira.

Durangaldeko udalerrietako alkateek eta Amankomunazgoko presidenteak bilera telematikoa egin dute Eusko Jaurlaritzako agintariekin. "Eskualdeak bizi duen egoera aztertzeko, eta neurri osagarriak elkarlanean eta modu koordinatuan hartzeko beharra dagoen ala ez zehazteko" batu dira, Amankomunazgoko iturriek ohar batean azaldu dutenez.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuagaz, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuagaz eta Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari Jon Guajardogaz batu dira eskualdeko ordezkariak. Abadiñoko, Berrizko, Elorrioko, Durangoko, Iurretako, Izurtzako, Mallabiko, Mañariko, Otxandioko, Zaldibarko eta Zornotzako alkateek parte hartu dute bertan.

Amankomunazgoak azaldu duenez, Mireia Elkoroiribe presidenteak egin zion Osasun Sailari bilera telematikoa egiteko eskaria. Elkoroiribek elkarlanerako prestutasuna agertu du, eta eskerrak eman dizkie bertan parte hartu duten guztiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!