Durangaldeko EH Bilduko alkateek eskualde osorako baheketa egitea eskatuko diote Osasun Sailburuari

Joseba Derteano 2020ko aza. 9a, 12:20

Durangoko, Elorrioko, Otxandioko, Izurtzako eta Mañariko EH Bilduko alkateek hainbat kezka mahaigaineratuko dizkiote gaurko batzarrean Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari.

Hasteko, udalekin "elkarlan zuzenean" aritzearen beharra azpimarratuko dute, "alkateek ezin  dituztelako datuak prentsatik ezagutu", ohar batean azaldu dutenez. Horrez gainera, "birusaren atzetik ibili beharrean detekzioa aurreratzeko eskualde osoan baheketa masiboa egitea" proposatuko dute. Lehen arreta zerbitzua "indartu beharra" eta arakatzaile kopurua "handitzea" dira beste eskakizun bi, "oso garrantzitsua delako kutsatuen jatorria ezagutzea neurri egokiak hartu ahal izateko".

Amankomunazgoko Gizarte Zerbitzuekin ere kezkatuta daude alkateak: “Osasun krisiarekin batera, krisi soziala ere nabaria da. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Amankomunazgoaren esku izanda, bitxia da oraindik Mankomunitateko presidenteak alkateekin Gizarte Zerbitzuen Kartera nola garatzeko asmo duen azaltzeko batzar bakar bat ere egin ez izana. Gizarte zerbitzuak garatzeko plangintza egitea beharrezkoa da”, adierazi dute EH Bilduko alkateek. "Urgentea" deritzote zerbitzu berriak garatzen hasteari, "pasadan legegintzaldian egin zen bezala".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!