Eskola Kirola berriro martxan jarriko dute Bizkaian, entrenamenduetara eta mugakide diren herrietarako joan-etorrietara mugatuta

Anboto 2020ko urr. 27a, 18:34

Eskoka kirola eten eta lau egunera, Bizkaiko Aldundiak iragarri du berriro martxan jarriko dutela neurri murriztaileekin bada ere.

Ez da txapelketarik egongo eskola kirolean. Joan-etorriak udalerri mugakideen artera mugatu dituzte eta, gehienez, seiko taldeak baimenduko dituzte (baita entrenatzaile bat ere talde bakoitzeko). Azkenik, gune berean sei pertsonaz eta entrenatzaile batez osaturiko talde bat baino gehiago egon daiteke, beti ere, gehieneko edukierak errespetatuz, Aldundiak ohar batean jakinarazi duenez.

Lehiaketen inguruan ondorengo argibideak eman ditu:

  • Bertan behera geratuko dira eskola-kiroleko lehiaketak eta federazio-lehiaketa ez-profesionalak edo erdi-profesionalak.
  • Kirolari profesionalak edo erdi-profesionalak beren herritik kanpora joan daitezke entrenatzera eta lehiatzera.

Gune itxietan ikusleak dituen kirol-lehiaketetan gehienez %50eko edukiera baimenduko dute, 400 pertsonara arte. Aire zabaleko ekitaldietan edukiera % 50era artekoa da, 600 pertsonara arte.

Azkenik, kirol instalazioetan baimendurik daude bakarkako kirola, gimnasioetan programaturiko ikastaroak eta jarduerak (maskararekin eta gehienez 6 pertsonako taldetan), talde profesionalen edo erdi-profesionalen entrenamenduak eta txapelketak, eta, federazio- eta eskola-taldeen entrenamenduak (gehienez 6 pertsonez osaturiko taldeak).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!